Eduki publikatzailea

Atzealdea Lehiakortasun goiztiarraz hausnartzeko gonbita, Zirimararen eta udalaren eskutik

‘Norgehiagoka’ erakusketa prestatu dute, eskola kirolean eta, oro har, kirolean izaten diren jarrera desegokien eta lehiakortasun goiztiarraren inguruko hausnarketa bultzatzeko. Ikus-entzunezko batez, hainbat argazkiz eta testuz osatzen da erakusketa: irailaren 26tik aurrera izango da ikusgai, Sutegin.

2025·09·17


Eskola kirolean eta, oro har, kirolean izaten diren jarrera desegoki eta lehiakortasun goiztiarraren inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu Zirimarak eta udalak elkarrekin prestatutako ‘Norgehiagoka’ erakusketak. Ikus-entzunezko batez eta hainbat argazkiz eta testuz osatzen da erakusketa: irailaren 26tik aurrera izango da ikusgai, Sutegiko erakusketa aretoan, hiru asteburutan. Haur, nerabe eta herritar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera zein erakusketa bisitatzera, baita herriko kirol talde eta klubak ere.

Haur eta gaztetxoen aisialdi ereduan eragiteko helburuarekin sortu zen Zirimara, udalak, Noaua! kultur elkarteak eta Udarregi ikastolak bultzatuta, 2018 inguruan. Oinarri horren erakusgarri da ‘Norgehiagoka’ erakusketa ere. “Kirolaz ari gara, baina baita heziketaz ere, azken finean, denon artean, denon ekimenez, osatzen eta eraikitzen dugun gure gizarteaz”, nabarmendu du Xabat Beloki Kirol zinegotziak. Eskola Kirola eta kirola, orokorrean, lehia baino gehiago dela aldarrikatu du: “Jarduera fisikoa egin eta, horrekin, osasun fisikoa zaintzeaz gain, kirolak aukera ematen digu gure buru osasuna zaintzeko ere: gainerakoekin hartu-emana izan eta elkarrekin egoteko, tarte on bat pasatzeko eta ingurunearekin eta komunitatearekin konektatuta egoteko, besteak beste. Onura horien guztien gainetik lehia jartzeak dituen ondorioak jarri nahi ditugu mahai gainean, eta, nolabait, horri buelta emateko aldarri bat ere egin nahi dugu”.

Manu Urbieta Zirimarako kideak azaldu duenez, testuinguru jakin bat hartu dute ardatz gaia lantzeko: “Haurren arteko jolasa, aldartea edo jarrera nola desitxuratu daitekeen helduon presioaren ondorioz: hor jarri nahi izan dugu arreta”. Ikus-entzunezko bat izan behar zuena, proiektu handiagoa bihurtu da denborarekin, erakusketa bihurtzeraino. Batetik, Zirimarako hezitzaile, haur eta gurasoek elkarrekin osatutako ikus-entzunezkoa dago; Amaia eta Asier Mendoza anai-arrebek jarri dizkiote hitzak eta ahotsa.

Bestetik, kirol munduko, hezkuntzako eta kultur eremuko 35 lagun gaiaren inguruan hausnarketan jarri dituzte, eta testu bana idatzi dute, propio, erakusketarako. Nor bere eremuan erreferentziazko diren pertsonak dira, usurbildarrak zein Euskal Herrikoak. Kirol mundutik, besteak beste, Patri Espinarrek, Eneritz Maiorak, Xabier Mikel Errekondok edo Iñaki Artolak idatzi dituzte testuak; kultur eremuan, besteak beste, Jose Luis Otamendik, Nerea Loiolak, Amets Arzallusek eta Amaia Agirrek; hezkuntza munduan, besteak beste, Eneko Harreguyk, Uxue Fernandezek, Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’-ek eta Ixabel Agirresarobek. Aretoaren arabera, litekeena da testu guztiak ezin erakustea, eta, beraz, liburuxka batean bildu dituzte guztiak: interesa dutenei denak irakurtzeko aukera eman nahi diete, eta, horregatik osatu dute liburuxka, nork bere kasa patxadaz irakurri eta gaiaz hausnartzeko aukera emateko.

Zenbait argazki ere izango dira ikusgai, testuen lagungarri. Mikel Laboa plazan Iñaki Zinkunegi argazkilariak egindakoak dira batzuk; besteak, ikus-entzunezko lanetik ateratakoak dira, jolas libretik jolas zuzendurako sortzen den aldea nabarmentzeko.

Erakusketa bultzatu duten jarrera desegokiak orokortutako fenomeno bat izanda, erakusketa beste herri batzuen esku uzteko borondatea dute antolatzaileek.

Erakusketaren egutegia

Irailak 26, 27, 28.

Urriak 3, 4, 5, 10, 11 eta 12.

Ordutegia

Irekiera: irailaren 26an, 18:00etan.

Ostiraletan eta larunbatetan: 17:00-20:00

Igandeetan: 12:00-14:00