Eduki publikatzailea
Atzealdea Legegintzaldi erdia
2025·06·27

Duela bi urte pasatxo hartu genuen alkate eta zinegotzi kargua, 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetatik eratorritako mandatuaren ondorioz. Bigarren aldia izanagatik ere, hunkituta jaso nuen aginte-zumea. Izan ere, Usurbilen ez dugu aginte makilarik. Gure aginte-ikurra zumezko uztaia da, uztai gisan bildutako zume luzexka bat muturrak metalez babestuak dituena. Aginte zume hori xumea da; malgua baina ez hauskorra; borobila eta ez goitik beherakoa.
Nire ustez, zumezko uztai horrek erakusten du agintea nolakoa izan behar duen: apala eta malgua, moldagarria, inguruaren beharretara eta garai berrietara moldatzen dakiena, baina, aldi berean, sendoa eta tinkoa. Eta horretan saiatzen garela esango nuke: horiexek direla gure gobernantza ereduaren ezaugarriak.
Legealdi berriari ilusioz, gogoz, indarrez ekiteko prest ginela esan genuen, eta lanez itzuliko genuela hauteskunde haietan jasotako babes guztia. Eta halaxe egin dugu, etenik gabe, eta erritmo bizian.
Legealdia hasi eta gutxira osatu genuen 2023-2027 agintaldirako bide-orria. Izan ere, egungo garai aldakor eta ezegonkor hauetan, nora jo nahi dugun argi izateaz gainera, ezinbestekoa baita zer eta nola egin nahi dugun argi izatea. Orotara, 120 egitasmo berri proposatzen ditu gure legealdiko planak, herri gisa finkatu ditugun misioei erantzuteko, eta, bidez batez, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko.
Bi urte egin berritan, beraz, orain arte egindakoaren gaineko balorazioa egitea ezinbestekoa da. Eta, ezer baino lehen, datu bat nabarmendu nahi dut: dagoeneko eginak edo martxan dauden egitasmoak 74 dira, alegia, gure legealdiko planaren %62; hurrengo bi urteetan egitea aurreikusten direnak beste 28 proiektu dira (%23), eta ia seguru egingo ez direnak, arrazoi ezberdinak tarteko, 15 neurri izango dira.
Legealdiko planean jaso ez, eta bi urte hauetan landu edo garatu diren proiektuak beste 34 izan dira. Beraz, hitz gutxitan esan dezakeguna da zinez emankorrak izan direla lehen bi urte hauek.
Agintaldi erdiaren inguruko balantzea egitearekin batera, neurri zehatzen betetze mailaren inguruko azterketa egin dugu, eta herritarrei horren berri ematea erabaki dugu. Horretarako, irailean etxez etxe banatuko dugu aldizkari bat, gobernu programaren neurri guztien inguruko egoera aztertuz, eta batez ere, programan dauden neurri garrantzitsuenen egoeran ñabardura jarriz.
