Eduki publikatzailea
Atzealdea Legealdiko Planaren %62 bete du udal-gobernuak, legealdiaren lehenengo bi urteetan
2025·07·08

Udal-gobernuak 2023-2027 legealdi erdiaren balantzea egin eta prentsaurrekoan aurkeztu du, Legealdi Planean jasotako 120 neurrien gauzatze mailaren berri emanez. Azaldu dutenez, eginda edo martxan jarri dituen proiektuak 74 dira, planaren %62, eta planean jaso ez zituen beste 34 neurri gauzatu dira. “Beraz, hitz gutxitan, esan dezakegu lehen bi urte hauek oso emankorrak izan direla”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Gainerako neurriei dagokienez, beste 28 hurrengo bi urteetan gauzatzea aurreikusten du udal-gobernuak, eta beste 15 ez dira egingo, “ia seguru”.
Legealdia hasi berritan osatu zuen udal-gobernuak 2023-2027 legealdirako bide-orria: “Izan ere, egungo garai aldakor eta ezegonkor hauetan, nora jo nahi dugun argi izateaz gainera, ezinbestekoa baita zer eta nola egin nahi dugun argi izatea”. Hala, 120 neurri berri jaso zituzten legealdiko planean, “herri gisa finkatutako misioei erantzuteko, eta, bide batez, Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko. Hitz batean, Usurbiltzen jarraitzeko”. Bi urteren ostean, egindako lanaren balorazio positiboa egin du udal-gobernuak: “Legealdi berriari ilusioz, gogoz eta indarrez ekiteko prest ginela esan genuen, eta lanez itzuliko genuela hauteskunde haietan jasotako babes guztia. Eta halaxe egin dugu, etenik gabe, eta erritmo bizian”.
Solaberrietak nabarmendu duenez, legealdiaren lehenengo zatian aurrekotik zetozen hainbat proiektu edo obra bukatzearekin batera, beste hainbat egitasmo egonkortu edota martxan jartzeko lehen urratsak egin dira: Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa zabaltzea, Pelaioenea irekitzea edo N634 errepideko Kalezarko autobus geltoki berria eta hori Egurtzegirekin eta Kalezarrekin lotzen dituen igogailua martxan jartzea.
650 Usurbil Bizi. Usurbilen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako turismo eskaintza proposatzen du 650 Usurbil Bizi proiektuak. “2022ko udazkenean aurkeztu genuen, eta legealdi berrian proiektua egonkortu da, dinamizazioaren lizitazioa Noauak eskuratuta. Horren adierazgarri dira datuak: 2023an, 59 bisita egin ziren, eta 479 pertsona etorri ziren Usurbil ezagutzera; 2024an, 60 bisita egin eta 700 bisitari izan ziren”. Kulturgunearekin eta Usoa Zumetarekin elkarlanean, Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren harira osatutako egitarau zabala nabarmendu ditu.
Zaintza. Bospasei urteko gogoeta kolektibo eta komunitario zabala egin ostean, Usurbil herri aitzindaria eta eredu da, zaintzaren alorrean: pertsona ardatz duen arreta eredu propioa eraiki da, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko eta tokiko zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko helburuz. Hain justu, 2025eko martxoaren 29an Sutegin egin ekitaldian aurkeztu zituzten Usurbilgo zaintza eredu berria eta zaintza ekosistema, norbanako bakoitzarentzako bizi plan bat osatzeko bokazioa oinarrian dutena. Une honetan, beste bi proiektu berri ditu udal-gobernuak martxan; etxez etxeko eredu berri bat osatzea eta Egurtzegin dauden bizi osorako etxebizitzak zabaltzea (irailean egin ahal izatea aurreikusten da).
Usurbil harrera herri izateko bidean, herrira bizitzera etorritako edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko HarEman mentoretza sozialerako egitasmoa martxan jarri da, baita aholkularitza juridikorako zerbitzua ere.
Trantsizio ekosoziala. Proiektu ugari jarri dira martxan, Ainhoa Arrozpide zinegotziak nabarmendu duenez: “Energia eraginkortasunari lotuta, aurrerapauso nabarmenak eman dira: herrian 2.255 argi-puntu daude, eta %60 LED teknologiadunak dira; 2025ean bideratuko den inbertsioarekin, %95 ingururaino igoko da kopuru hori”. Energiaren kontsumoan %60-70 inguruko aurrezpena dakar LED teknologiak: aurreikuspenen arabera, bi urtean, urteko 193.000 euro kontsumitzetik 100.000 euro ingurura igaroko da udala.
Horrekin batera, energia berriztagarriei lotuta, azken urteotan “inbertsio dezente” egin dira eguzki plaken instalakuntzan. Egun, 73 kw-ko potentzia instalatu du udalak, Udarregin eta kiroldegian jarritako 204 eguzki plaken bidez: sortutako energia Sutegin, Artzabalen, Udarregin, udaletxean eta musika eskolan kontsumitzen da. Udalak bultzatutako partaidetza prozesu baten bidez, energia berriztagarrien komunitate Sortalde sortu da: udala bazkide laguntzailea da, eta hitzarmena egina du harekin Agerialdeko teilatuta lagatzeko, 100 kw-ko instalazioa egiteko.
Herriko ura ahalik eta etxe gehienetara banatzeko 880.000 euro inguruko inbertsioa egin zen, Andatzak eskaintzen duen urarekin herriko etxebizitzen %40tik %62ra iristera pasatu zedin.
Udala, gertu. Iratxe Begiristain zinegotziak azaldu duenez, udalak herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko asmoz, hainbat aldaketa egin edo bideratzen ari da udala: “Hala nola, udaletxeko teilatua konpontzeko lanak datozen egunetan hasiko dira, eta, horren ostean, udaletxeko espazioa berrantolatuko da. Artxiboa garbitzen eta digitalizatzen ari gara, baita ere”. Udaleko langileen behin-behinekotasun tasa nabarmen txikitu da, hainbat lanpostu egonkortu ostean.
Gainera, misioen araberako gobernantza eredua osatzen ari da udal-gobernua herriko hainbat talde eta eragilerekin.
Bestelako neurriak. Hainbat sailetako proiektu ugari jarri dira martxan, gainera:
- Elkargunearen proiektua definitzeko parte-hartze prozesua amaituta, eraikinaren exekuzio proiektua idazteko lizitazioa egin berri da; Rehabite arkitektura enpresak irabazi du. Dena ondo bidean, urte amaierarako esku artean izango du udalak obra proiektua, eta datorren urte hasieran obren lizitazioa martxan jarri ahal izango da.
- Ikasgela zabaldu da, azterketa garaietarako hasieran, eta modu iraunkorrean gero.
- Haur eskolaren etorkizuna definituta — Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etetearen ondorioz, Haurreskolak Partzuergora pasako da udal haur eskola—, ikasturte berriarekin hasiko dira eraikina berritzeko lanak.
- Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko eskaria egin zaio Eusko Jaurlaritzari, eta une honetan jendaurreko epealdian dago. Udalak etxebizitza diagnostikoa eta 3 urterako etxebizitza plana egin ditu.
- Hiri Antolamendurako Plan Orokorra azken fasean dago: Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betikoz onartzea falta da.
- Indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko II. Tokiko protokoloa eguneratu da erakunde ezberdinen artean, baita sexu erasoen aurkako protokoloa berritu ere, herriko jai batzorde eta eragile ezberdinen artean.
- Kirolean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Mugiment proiektuarekin bat egin izana, usurbildarrei Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kiroldegiak erabiltzeko aukera emanez, eta Kirolari txartela martxan jarri izana. Aurten, gainera, skatepark-a handitzeko obrak lizitatuko dira.
Auzo bizigarriagoak izateko inbertsio garrantzitsuak bideratzen ari da udal-gobernua:
- Aginagan: Elutx bidea egin, kaxkoko haur parkea berritu eta Eliza Zaharreko konponketak bideratu dira. Halaber, Aginaga biziberritzeko proiektu integralari heldu zaio.
- Etxealdiko irisgarritasun plana gauzatzen ari da: abuztutik aurrera egingo dira San Esteban kalea oinezkotzen amaitzeko lanak eta Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailuko obrak hasita daude.
- Santuenea: Auzo Planean jasota dauden hainbat jarduera edota obra martxan jarri dira, hala nola, auzo elkartearentzat lokal komunitarioa berritu da.
- Kalezar: plaza oinezkotu da, eta ibilgailuen joan-etorria arautu.
- Zubietan: espazio publikoaz gozatzeko hainbat lan egin dira, besteak beste, Barazar alboan egonean egoteko sortutakoa.
“Egindako edo martxan jarritako neurriak asko dira, eta asko dira legealdiko planean aurreikusi ez eta martxan jarri direnak ere”, nabarmendu du Solaberrietak. Halako 34 neurri zenbatu ditu udal-gobernuak, eta horien artean nabarmendu ditu Irisgarritasun Unibertsalerako Plana osatzeko prozesua, kale egoeran bizi direnen oinarrizko beharrak asetzeko protokoloa osatu eta martxan jartzea, edota hilabetean behin udalaren jardunaren berri ematen duten kudeaketa txostenak argitaratzea.
Irailean, aldizkaria. Legealdi erdiaren balantzea egitearekin batera, udal-gobernuak jakinarazi du irailean aldizkari bat banatuko dela, neurri guztien inguruko egoera aztertuz, programan dauden neurri garrantzitsuenen egoeran arreta jarriz.
