Eduki publikatzailea

Atzealdea Legealdiko lehenengo urtea: 28 neurri beteta, beste 38 hasita

Udal-gobernuak 2023-2027 legealdiaren lehenengo urtearen balorazioa egin du, tarte horretan egindako zein martxan jarritako neurriak nabarmenduz: “Emandako hitza betez, konturatzerako joan zaigu lehen urtea”.

2024·07·23


Udal-gobernuak 2023-2027 legealdiaren lehenengo urtearen balorazioa egin du, tarte horretan egindako zein martxan jarritako neurriak nabarmenduta. Udalaren Udalberri aldizkarian argitaratu du balorazioa Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: 120 neurriko Legealdi Planeko 28 neurri bete (%23) eta beste 38 martxan jarri (%31) dituzte dagoeneko. “Legealdiari ilusioz, gogoz eta indarrez ekiteko prest ginela esan genuen; lan eginez itzuliko genuela hauteskundeetan jasotako babes guztia. Eta horretan ari gara”.

Solaberrietaren esanetan, Legealdi Planeko 120 neurriak “herri bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko” proposamenak dira; “Usurbiltzen jarraitzeko”. Eta, horrekin batera, lehen urtean martxan jarritako zenbait neurri nabarmendu ditu:

  • Misioen baitako gobernantza eredua osatzeko prozesua martxan da.
  • Trantsizio ekosozialaren herri misioa adosteko parte-hartze prozesua egin da, misioak lortzeko proiektu eraldatzaileak zehaztearekin batera.
  • Energiaren bulegoa ireki eta efizientzia energetikoan urratsak egiten ari dira.
  • 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen ari dira, besteak beste, Zumetaren 50. urteurreneko egitarauarekin.
  • Herriko ura ahalik eta etxe gehienetara iristeko lanak egin dira.
  • Elkargunearen proiektua definitzeko parte-hartzea abiatu da.
  • Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa zabaldu da, eta zaintza ereduaren eraldaketan urrats kualitatiboak egiten ari dira, zaintza plan pertsonalizatuak eskaintzeko.
  • Ikasgela zabaldu dute, azterketa garaietarako.
  • Etorri berrien edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko mentoretza sozialerako HarEman egitasmoa martxan jarri da.
  • Pelaioenea ireki dute: Kalezarreko auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea.
  • Udal haur eskolaren eredua zehaztu, lizitazio berria burutu, eta eraikina berritzeko prozesua martxan da.
  • Usurbil tentsio handiko eremu izendatzeko prozesua abiatu da.
  • Kiroldegiko ordutegia zabaldu dute.
  • Mugiment sarearekin bat eginda, herritarrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kiroldegiak erabiltzeko aukera dute.
  • Ibaiertzeko eremua zabaldu eta oinezko loturak hobetu dituzte Zumartegin.
  • Aginagan: Elutx bidea egin, haur parkea berritu eta Eliza Zaharreko konponketak bideratzen ari dira. Aginaga Biziberritzen sustapen taldearekin mahai iraunkorra osatu dute.
  • Etxealdiko irisgarritasun plana gauzatzeko, San Esteban kalea oinezkotu eta Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailuarekin lanean hasi dira.
  • N634ko autobus geltoki berriak eta Egurtzegi eta Kalezar lotuko dituen igogailuaren obrak amaitu dituzte.

Solaberrietak egindako lana modu positiboan baloratu du: “Emandako hitza betez, konturatzerako joan zaigu lehen urtea”.