Albisteak
Atzealdea

Lau urterako hitzarmena sinatu dute UEUk, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak

Azken urteetan, Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen mapan sartu da Usurbil, Jakin Jardunaldien bidez: akordioa berrituta, hiru erakundeen arteko elkarlana indartu dute.

2020·06·17


Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur UEUk, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak: Jakin Jardunaldiak Usurbilen egiteko elkarlan esparrua finkatu eta arautu dute, 2023ko abenduaren 31ra arteko akordioarekin. Hiruen artean adostutako bigarren hitzarmena da honakoa, eta horren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur, prentsaurrekoan, Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek, UEUren zuzendari Kepa Sarasolak eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. Usurbilgo aurtengo Jakin Jardunaldiak uztailaren 16an izango dira.

Orain arteko ibilbidearen balorazio bikaina egin du udalak, Solaberrietaren esanetan: “Erosoa, erraza, gustagarria eta aberatsa da zuekin aritzea”. Akordio honen bidez, Usurbilgo Udalak, batetik, diruz lagunduko du Jakin Jardunaldien antolaketa, eta, bestetik, horiek egin ahal izateko udal-azpiegiturak utziko ditu. Aurten, 10.000 euroko dirulaguntza bideratuko du udalak jardunaldien antolaketetara; 2021, 2022 eta 2023an, berriz, UEUk eta Jakinek aurrekontu bat aurkeztuko dute, eta horren araberako dirulaguntza jasoko dute (akordioan zehaztuta utzi dute dirulaguntzek ezingo dutela izan 11.000 euro baino gehiagokoak). Azpiegiturei dagokienez, ezaugarri teknikoez harago doa Usurbilen konpromisoa, alkatearen arabera: “Usurbili gunea eskaintzea dagokio, eta gunea diodanean, ez daukat gogoan areto edo ikasgela soil bat, herria baizik: gure herria eskaintzen dugu hausnarrerako, ezagutzarako, pentsamendu askerako, birpentsatzeko, birformulatzeko”.

Azken urteetan hiru erakundeek elkarrekin egindako bidea berretsi dute akordio horren bidez, eta akordioaren garrantzia nabarmendu dute hiruek. Hala nabarmendu du Agirrek: “Jakinentzat garrantzitsua da hitzarmen hau, hainbat arrazoirengatik. Batetik, jakintza, pentsamendua eta kultura lantzeko aurrez aurreko leku bat ematen duelako, eta horrek geure buruak eta geure herria pentsatzen eta garatzeko bide ematen digulako. Horrelako topaketak beharrezkoak ditugu, elkarrekin pentsatzen jartzen gaituelako eta pentsatzea ere ekitea delako. Eta, bestetik, herri ekimeneko erakunde eta erakunde publikoen arteko lankidetza eredu bat delako. Jakinen sinetsita gaude honelako ekimen mistoak behar-beharrezkoak ditugula denok batera aurrera egiteko eta herri honi etorkizun bat irekitzeko”.

Gaur-gaurko gaiak izaten dituzte aztergai Udako Ikastaroetan, orokorrean, zein Jakin Jardunaldietan, zehazki, eta, azken urteetan, UEUren ikastaroen mapan sartu da Usurbil. Halaxe azaldu du Sarasolak: “UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara ardatz duten topaguneak, hausnartzeko topaguneak eta eztabaidarako topaguneak. Udako Ikastaroak erakusleiho eta parada ezin hobeak dira helburu horiek lortzeko, eta pozik gaude Usurbilen jarraituko dutelako jardunaldi hauek”.

Hain zuzen ere, herri-ekimeneko eta erakunde publikoen arteko lankidetza nabarmendu du Sarasolak ere: “#ElkarEkin leloa dute Udako Ikastaroek, elkarlanaren bidez baino ezin lortu daitezkeelako azken urte hauetan Usurbilen antolatutako jardunaldiek lortu duten arrakasta eta erreferentzialtasuna: guretzat, plazera ez ezik, sustatu beharreko egitekoa da sinergiak biltzea, eta Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin sortu dena benetan emankorra da”.

‘Pandemiak, distopiak eta mundu berriak’

Agirrek esan bezala, “bizi-bizi” dagoen gaiari helduko diote seigarren Jakin Jardunaldietan, Usurbilen egingo den laugarrengoan, hain zuzen ere, Covid19ak eragindako osasun krisiak sortu duen testuinguruari. “Covid-19ak izua zabaldu du; izua errealitate distopikoaz erditu, eta distopiak normaltasun berria ekarriko omen du. Bitarte horretan, sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira: eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gain-ustiaketa, bizitzaren prekarizazioa. Eta horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat. Horregatik, zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia”.

Solaberrietak nabarmendu duenez, Covid-19ak sistema osoa “biluztu du”, eta agerian utzi du zerk beharko lukeen lehentasunezko eta ezinbesteko. “Bat-batean konturatu gara zer den garrantzitsua: bizitza bera, gurea eta hurkoarena. Badugu zer ikasia, badugu zer hobetu herri eta gizarte bezala: ez dadila lehenera bueltatu edo ez dadila normaltasun berria iritsi irakaspenik atera gabe”. Duela bi urteko Udako Ikastaroak ekarri ditu gogora Solaberrietak. “Utopiez jardun genuen, iruditeria berrien bila. Eta aurten, aldiz, distopiaz jardungo dugu. Utopiak imajinatzeko zailak dira, eta konturatu garenerako distopia betean sartuta gaudela esango nuke, noraezean, baina ziur nago distopia honek utopia ere ekarriko duela, etorkizun hobe baten utopia. Beste eredu eta mundu bat, posible izateaz gain, beharrezkoa delako”.

Jardunaldien inguruko xehetasunak

Uztailaren 16an izango dira aurtengo Jakin Jardunaldiak.Aurrez aurre eta online jarraitzeko aukera izango da. Hauxe izango da egitaraua:

Uztailak 16 (presentziala + online)

09:00 Harrera

09:30 Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria): Gaiaren kokapena

10:00 Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea): 'Izu-urtea: Biopolitika COVID-19 birusaren garaian'

10:45 Kafea

11:00 Arantza Etxeberria (EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea): 'Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura'

11:45 Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea): 'Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban'

12:30 Irati Zubia (Filosofian graduatua): 'Egia-ostea ziurgabetasun garaian'

13:30 Bazkaria

15:00 Teresa Larruzea (Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatean): 'Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar'

16:00 Tailerra: 'Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'. Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea)

17:30 Joseba Gabilondo (Michigan Estatuko Unibertsitateko Literatura eta Kultura irakaslea): "Ebentoa vs. apokalipsia vs. matxinadak: utopiarik gabeko politikaz"

18:00-18:30 Guztion arteko eztabaida foroa

Amaiera

Ikastaroan parte har dezakeen lagun kopurua ohi baino murritzagoa da aurten, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. Izatez, plaza guztiak hartuta daude dagoeneko, baina itxaron zerrendan izena emateko aukera zabaldu dute UEUren webgunean. Horrez gain, jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da. Presentzialki zein online jarraituko dutenek, materiala berdin-berdin jasoko dute, eta parte hartzeko aukera izango dute ekitaldien osteko galdera eta iruzkinetan.