Eduki publikatzailea

Atzealdea Lau urterako hitzarmena sinatu dute udalak eta Noauak

Apirileko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen akordioa berritzea.

2020·06·12


Usurbilgo Udalak eta Noaua elkarteak hitzarmena sinatu dute. Apirileko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen bi erakundeen arteko ituna berritzea: konfinamendu betean zen hori, eta konfinamenduaren arintzearekin batera berretsi dute akordioa. Bi erakundeen arteko azken hitzarmena 2016ko martxoaren 21ean sinatu zuten, eta 2020ko martxoaren 21ean amaitu zen horren epealdia. “Udal-gobernu honek ez du dudarik berritu egin behar dela”, nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkura hartan. Hitzarmena onartuta, Noaua aldizkaria eta webgunea diruz laguntzea zein Noauak egoitza duen lokalaren erabilera ahalbidetzea adostu dute.

Covid19ak eragindako krisiak sektore asko kolpatu ditu, baita tokiko komunikabideak ere, Solaberrietak gogoratu duenez, eta, beraz, halako hitzarmen baten garrantzia nabarmendu du: “Edozein testuingurutan beharrezkoa den hitzarmena sinatuko badugu ere, oraingo testuinguru sozioekonomiko zail honetan, are beharrezkoagoak dira izaera honetako hitzarmenak: gure ustez, tokiko komunikabideak zein euskara eta kultur elkarteak zaindu beharreko guneak dira”.

Idoia Torregarai Martija Noaua Elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkio Usurbilgo Udalari, batez ere, garai zailetan kulturaren aldeko apustua egiteagatik: “Krisiak gertatzen direnean, lehentasunen arabera hartzen dira erabakiak, eta kultura izan ohi da kaltetuena: eskerrak eman nahi dizkiot, beraz, udalari, kultura ere lehentasun izateagatik”.

Hitzarmena 2020tik 2023ra egongo da indarrean, eta urtez urte udalak Noaua diruz laguntzeko kopuruak zehaztu dituzte dokumentuan:

2020an, 56.000 euro.

2021ean, 58.000 euro.

2022an, 58.000 euro.

2023an, 58.000 euro.

Txikiak izanagatik, gaur egungo komunikazio baliabideak baliatzeko duen gaitasuna nabarmendu du Solaberrietak, eta herrian halako komunikabide bat izatea goraipatu du. “Nire eskerrik zintzoenak helarazi nahi dizkizuet egunero-egunero gure herrian gertatzen den guztiaren berri hain modu eraginkor eta profesionalean usurbildarrei eskaintzeagatik, eta euskararen eta kulturaren alorrean egiten duzuen ekarpenagatik”.

1996ko ekainaren 28an argitaratu zuten Noaua! aldizkariaren lehenengo zenbakia, eta, ordutik, euskararen erabilera suspertu eta zabaltzeaz gain, euskal kultura ezagutzera emateko lanean dihardu. 2002az geroztik, webgunea ere badu: noaua.eus. Urteetan egindako lanari zor zaion aitortza gisa, eta udalerriari egiten dion ekarpena hartu dituzte oinarritzat hitzarmena berritzeko.