Eduki publikatzailea
Atzealdea Lau misio, herri bat
2023·11·13
Urriaren 27an, “Usurbil Bizi: lau misio, herri bat” proiektua aurkeztu genuen: udalean orain arte egindako bidea erakutsi nahi genuen, eta hurrengo aste eta hilabeteetan herritarrekin eta eragileekin egin asmo duguna.
Zer dira, baina, misioak? Mariana Mazzucatok, Ingalaterran bizi den ekonomialari italiarrak, misioetan oinarrituta lan egitea proposatzen du. Horretarako, honako esperientzia hau hartzen du oinarritzat: 1962ko irailean, John F. Kennedy AEBetako presidentea jendaurrean agertu zen, eta adierazi zuen Estatu Batuak “gizadiak inoiz burututako abentura ausart, arriskutsu eta handiena burutzera ziohala”: hamarraldia bukatu baino lehen pertsona bat ilargira eraman eta bizirik ekartzea, alegia. Hortik abiatuta, Mazzucatok “moonshot” pentsamendua sortu zuen. Horren arabera, egungo gizarte erronka konplexuei erantzuteko, ezinbestekoa da eragile ezberdinen artean helburu inspiragarri eta anbiziotsuak sortzea, ondoren helburu horiei lotuta proiektu berritzaileak sortzeko.
Hori da, labur esanda, Usurbilen egin duguna: helburu inspiragarri eta anbiziotsuak ezartzen saiatu, gure herriko eragile eta herritarrak motibatuko dituena Usurbilgo eraldaketara.
Hiru misio aurkeztu genituen, arlo bakoitzean lankidetzan ari garen eragile ezberdinekin batera adostuak:
1. Zaintza. 2030erako norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzunkidetasuna, eragileen arteko lankidetza, eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena.
2. 650 Usurbil Bizi. 2030erako Usurbilgo bisitarien %30ak Usurbilgo komunitate zaintzailea, euskal arte garaikidea, ondare kulturala eta ekologia ardatz duen gizarte eraldaketa ezagutu eta bisitatu dezala lortzea.
3. Udala, gertu. 2026rako udalak herritarrei ematen dien zerbitzua 10ekoa izatea: gehienez ere 10 minutu itxarotea zuzeneko arretan, herritarren eskaerei 10 eguneko epean erantzutea, eta udala osoki digitala izatea.
Laugarren misio bat ere landu nahi dugu. Izan ere, Usurbil jasangarriagoa eta bizigarriagoa zerumugan, ezin dugu Usurbil ulertu trantsizio ekosozialaren erronkari erantzun gabe. Horregatik, trantsizio ekosozialari erantzuteko herri misio bat eraiki nahi dugu, eta hori ahalbidetuko duen ko-sorkuntzarako parte hartze prozesu bat abiatuko dugu abenduaren hasieran.
Misioak aitzakiak dira gure herri gaitasunak lerrokatu eta norabide bateratuan kokatzeko. Are gehiago: garrantzitsuena, misioak baino, egiteko moduak dira, izan ere, horien bidez, herriko pertsona eta eragileak konektatu nahi ditugu, elkarrekin lanean jarri, elkarlan publiko-komunitario eta pribatuak gorpuzteko. Hori guztia ahalbidetu dezakeen gobernantza eredua ere eraiki nahi dugu: hori geroxeago etorriko da, beraz, urra-tsez urrats egingo dugu bidea. Ahal dela, zurekin, honek guztiak ez bailuke zentzurik, bestela.