Eduki publikatzailea

Atzealdea Larunbatean hasiko dira Gipuzkoako XI. Pilota Egokituko Txapelketako partidak

Partida bana jokatuko dira Errenterian eta Usurbilen asteburu honetan: buruz burukoa Errenterian, eta gurpildun aulkiena Usurbilen.

2021·03·04


Datorren larunbatean, martxoaren 6an, hasiko da Gipuzkoako XI. Pilota Egokituko Txapelketa. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestalde, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Errenteria, Asteasu, Zumaia, Mutriku, Alkiza, Idiazabal, Usurbil, Ataun eta Lasarte-Oria. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 26an egingo da Zumaian. Bi federazioek eskerrak eman dizkiete udal ordezkari guztiei euren frontoien ateak zabaltzeagatik. Desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea denon ardura dela gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek eta bide hori elkarrekin egiteko deia luzatu dute.

Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia. Kirolariek gogoz ekingo diote txapelketari, izan ere, hilabete asko pasa dira lehian aritzeko aukerarik gabe.

Txapelketaren informazio gehiagorako: www.gkef-fgda.org / 943 46 25 14 telefonoan.