Eduki publikatzailea

Atzealdea Larrialdietarako etxebizitzen ordenantza egokitzea onartu zuten, hasieraz eta aho batez, osoko bilkuran

Udalak 1990az geroztik du larrialdi egoeretarako etxebizitzen ordenantza: egokitzea erabakita, kritikotzat hartzen diren egoera gehiago aurreikusiko dira aurrerantzean. Halako egoerei erantzuteko etxebizitza bat du udalak, eta martxoko osoko bilkuran erabaki zuten beste bat ere helburu horretarako gordetzea.

2025·04·11


Gizarte larrialdietarako etxebizitzen arautegia egokitzea onartu zuten, hasieraz eta aho batez, martxoko osoko bilkuran. Gizarte Zerbitzuetako sailean, azken urteetan, areagotu egin dira alojamendurako beharra duten pertsona eta familien eskaerak: larrialdietarako etxebizitzak edukitzen jarraitzeko beharraz gain, horien inguruko araudia egokitzeko premia ere agerian uzten du horrek, egun indarrean dagoena 1990ekoa baita. Iragarkia atzo argitaratu zen GAOn, beraz, jendaurreko epean da gaurtik hasita, maiatzaren 28ra arte (hori barne).

Egoera kritikoen ondorioz ostaturik ez izateari aurre egin ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei eta bizikidetza unitateei bideratutako baliabideak dira larrialdietarako etxebizitzak. 1990eko ordenantzak hondamendi kasuak aipatzen zituen etxebizitza horiek herritarrei uzteko irizpide gisa: Gizarte Zerbitzuen sailak kontzeptua zabaltzeko beharraz ohartarazita erabaki dute, orain, ordenantza egokitzea.

Ordenantza indarrean sartzen denean, honakoak hartuko dira egoera kritikotzat: indarkeria matxista egoerak; pertsonen segurtasun fisikoa edo emozionala arriskuan jar dezaketen familia arazo larriak; hondamendi, sute, uholde eta, oro har, pertsonaren edo bizikidetza unitatearen egoitzatzat erabiltzen den eraikina erabilezin bihurtzen duten antzeko fenomenoak; etxegabetzeak (epaitegitik alojamendu eskaera egiten denean); kale gorrian egotea (larrialdi zerbitzuetatik alojamendu eskaera egiten denean) edo zerrendan aurreikusi ez den beste egoeraren bat (gizarte langileen balorazio txostena jaso ostean).

Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak kudeatuko ditu larrialdietarako etxebizitzak, eta gehienez ere zortzi hilabeterako utziko dira: gastu arruntak (ura, argindarra eta abar) esleipendunek ordaindu beharko dituzte, baina ez zaie alokairurik kobratuko.

Jendaurreko epean alegaziorik ez bada, osoko bilkurak ez du ordenantzaren gaineko beste erabakirik hartu beharko, baina GAOn argitaratuko da testua, osorik, indarrean sartzeko.

Udalak helburu horretarako gordea du etxebizitza bat, eta martxoko osoko bilkuran beste bat ere gordetzeko prozedura abiatzea onartu zuten, aho batez.