Eduki publikatzailea
Atzealdea Lanbide Eskolak 50 urte
2025·07·28

Ekaineko osoko bilkuran aho batez onartu genuen Zubietako Lanbide Eskolak tartekatutako adierazpen instituzionala, hastapenetan, duela 50 urte, orduko udalbatzak egin zuen bide beretik.
1970eko hamarkadaren hasieran, udalak sustatutako azterketa sozioekonomiko baten ondorioz, eta Felix Aizpurua eta Benantxio Otaegi bezalako pertsonen inplikazioarekin, lanbide heziketako eskola bat sortzea proposatu zen. Ekimen hura bertako enpresek eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzak babestu zuten.
Zentroaren oinarriak 1975ean finkatu ziren, irakasle eta bizilagun talde batek Aginagako parrokiako lokaletan lehenengo tailerrak prestatu zituenean, kooperatiba batzuen eta udalaren babesarekin. Mekanika eta Administrazio espezialitateak martxan jarri ziren, eta orduko gazte askorentzat aukera akademiko bikaina izan zen, lan munduan sartzeko bitarteko ezinhobea.
Balioan jarri nahi dut orduko udalbatzaren konpromisoa, frankismoaren urte zailenetan ere, gai izan zirelako halako hezkuntza proiektu bat osatu eta martxan jartzeko. Giltzarria: lankidetza, ausardia eta konpromisoa. Horrexek ahalbidetu zuen 1979an Zubietako eraikina zabaltzea.
Seguru nago gorabehera handiko urteak izan direla, batzuetan onak eta besteetan ez hain onak, baina urteotan guztietan proiektu honen kudeaketan aritu direnek eta orain ari direnek lortu dute eskola aitzindaria eta erreferentea izatea, hala nola, enpresetako praktiketan, etengabeko prestakuntzan, kalitatearen aldeko apustuan, nazioarteko lankidetzan eta energia berriztagarrietan. Nazioarteko aitorpenak, horren lekuko.
Lanbide Eskolak gure herrian eta eskualdean egindako ekarpena nabarmendu nahi dut, hala gazteen edota langabeen formazioan, prestakuntzan nola enpleguratzean. Egun ezin da ulertu eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoa Zubietako Lanbide Eskolarik gabe: eskualdeko enpresa txiki eta ertainek aliatu ezinhobea dute.
Ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren garaiotan, ziurtasuna eskaintzen duten eragileak ezinbestekoak dira, are, lankidetza terminoetan egiten bada. Horregatik, Usurbilgo Udala lehen, duela 50 urte, orain eta etorkizunean bidelagun izango dute. Zorionak Lanbide Eskolako komunitatea osatzen duzuen ikasle, irakasle eta zuzendaritza taldeari!
