Eduki publikatzailea

Atzealdea Kulturaren harrobia

2026ko uztaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Arrobitxulo proiektuaz.

2026·07·27


Duela 50 urte Mikel Laboak, Artze anaiek edota Jose Luis Zumetak lankidetzan sortutako Ikimilikiliklik sentikariarekin elkarrizketan Loraldiak ekoitzitako Ikimilikiliklik vol 2 ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dugu duela gutxi dema-plazan. Iazko azaroan estreinatu zuten ikuskizuna, Iruñean, baina esango nuke esanahi berezia hartu zuela ikuskizunak Usurbilen, izan ere, oraindik orain bizirik daude Ez Dok Amairuren, Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren arrastoak geurean.

Horixe da, hain justu, 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez balioan jarri nahi duguna. Euskal kultura da proiektuaren ardatzetako bat, eta, ondorioz, gure lanaren oinarrian transmisioa dago: gure identitatearen, kulturaren, artearen eta adierazpen artistikoaren transmisioa. Usurbil izan denaren transmisioa, gaur garena ulertzeko giltzarria delakoan.

Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin gure herriak izan zuen loturaren eragina gaur egun bizi-bizirik dagoelakoan nago, eta, ondorioz, Usurbilek badu leku propioa euskal kulturaren plazan. Izan zirelako gara. Garelako izango dira.

Transmisiogintza da, beraz, gure kultur politikaren oinarria. Horren emaitza dira, askotariko kultur eragileekin lankidetzan martxan ditugun proiektuak. Batzuk aipatzearren: Jakin jardunaldiak, Joan Mari Torrealdai Beka, aipaturiko 650 usurbil bizi proiektua, Hi bai artista! Usurbil Museo Irekiaren proiektu pedagogikoa, kultura eta sormena sustatzeko diru-laguntzak, askotariko lankidetza-hitzarmenak... eta horretan guztian sakontzeko asmoz dator orain Arrobitxulo elkargunea. Ahaldunduta dagoen herriko kultur ekosistemak ahalbidetu duen proiektua, hain zuzen ere.

Proiektu honen sustatzaileak herriko lau elkarte dira: kulturgunea, Ziortza, Gaztelekua eta gazte asanblada, eta udaletik bideratutako parte hartzea prozesu zabalean zehaztu dituzte proiektuaren izena eta izana. Hala, Arrobitxulo herritik, herrian eta herritarrentzat sortutako proiektua da. Adin guztietako eta askotariko usurbildarren bilgune eta elkarlanerako aterpe izan nahi duen ekipamendu komunitarioa da; gazte astialdia garatzeko, sormena bultzatzeko eta euskal kulturaren transmisiorako erreferentziazko gune bizi eta irekia. Transmisioak ez du etenik, beraz, gurean, eta kultur sortzaile berriak sortzen jarraitzeko harrobia izango da Arrobitxulo, kate beraren katebegi berriak.

Udalaren apustua erabatekoa da, eta horren seinale da azken hilabeteetan hartu ditugun erabakiak: Arrobitxulo eraikitzeko exekuzio proiektua esku artean dugu, eta hiru milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izanik ere, finantziazioa lotuta dugu dagoeneko. Horrek ahalbidetuko digu udazkenean obrak lizitatzea, eta dena ondo bidean, urte berriarekin batera obrak martxan jartzea. Ea hala den!