Eduki publikatzailea
Atzealdea Kultur Biraren aste honetako ekitaldietarako sarrerak banatu dituzte
2020·06·30
Bihar hasiko da Usurbilgo Kultur Bira, eta bart egin zuten aste honetako ekitaldietarako sarreren zozketa: mezu elektroniko bidez bidali dituzte jakinarazpenak, baina komeni da usurbilkultura.eus -en norberaren kontuan begiratzea (baita spam karpetan ere). Ekitaldietara eraman beharreko QR kodearekin batera, protokolo irizpideak jaso dituzte herritarrek: horiek betetzeko eskatu dute antolatzaileek, denen segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko. “Emanaldiak markatu ditugun osasun neurri guztiak betez aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da ikuslearen ardura, zure ardura. Zentzuz jokatu, zurea ez ezik, guztion osasuna zaintzea helburu duten neurriak baitira. Ez bazaude ondo, gelditu etxean”.
Batetik, maskara eramatea ezinbestekoa izango da. Bestetik, etxean tenperatura hartzeko eskatu dute. Antolatzaileen esanak jarraitu eta betetzea behar-beharrezkoa dela gaineratu dute, eta ekitaldiak hasi baino 15 minutu lehenago joatea gomendatzen dute. Horrez gain, sarrera egokitu zaien baina joaterik ez dutenei eskatu diete sarrera hori beste herritar bati uztea. QR kodea sarrera bakarra da, eta sarrera horri lotutako pertsona guztiek elkarrekin joan behar dutela jakinarazi dute. QR kodea ez da inprimatu beharko, sakelakoan eramanda nahikoa izango da.
Aste honetako bi kontzertu streaming bidez emango dituztela jakinarazi dute, usurbilkultura.eus webgunean bertan: Ameba eta Liherren emanaldia (ostiralean), eta Natali eta Izaki Gardenak taldeena (larunbatean), kasu honetan.
Antolatzaileak gustura daude Kultur Birak izandako emaitzarekin, ekitaldi gehientsuenetan baimendutakoa baino jende gehiagok eman baitu izena, nahiz eta, tamalez, horrek zenbait ekitalditara ezin joan izatea suposatu sarrerarik egokitu ez zaienei.
Zumetari keinua
Aurten ez da Santixabelik ospatuko, baina urteroko maskotak ez du hutsik egin: Jose Luis Zumetari keinua eginez, Txitxo Eizagirrek txoriak egin eta jarri ditu Irazu kalean; han emango dute uztail osoa, baina, aurtengoan, ez dira erreko.