Eduki publikatzailea
Atzealdea Konfinamenduan egiten ari diren ahalegina eskertuko diete haurrei apirilaren 18an, Haurren Egunarekin
2020·04·12
Haurrak izango dira protagonista datorren larunbatean, hilaren 18an, Usurbilen. Konfinamendu garaian egiten ari diren ahalegina publikoki eskertzeko eta aitortzeko antolatu dute udalak, Zirimarak eta Noauak, elkarlanean; halaber, Usurbilgo Artixtak eta beste zenbait herritar ere parte hartzen ari dira antolaketa lanetan.
Izan ere, hilabete inguru da konfinamendua hasi zenetik, eta haiek izan dira, nagusiki, etxetik atera ezinda daudenak. Horregatik, haurrak protagonista izango diren egun bat antolatu dute, nork bere etxean eta herritar guztiekin ospatzeko, aldi berean.
Egunaren berri emateko, Porrotxek bideo bat bidali du.
Hauxe da egitarau osoa:
10:30. Akrosporteko irudien proiekzioa eta murala osatzea Ibai Arrietaren eskutik.
Jarraian, leihoak apaintzeko eskulanak Susana Martinekin.
12:30. Mozorro/musika festa, leihoetan.
Bazkaria: umeek aukeratutako menua (postre goxo-goxoa ez ahaztu!).
17:00 / 19:00. Kamioi ibiltaria, lipdub erraldoia: apaindu leihoak, eta batu festara!
Jarraian, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria ipuin kontalaria eta zunba saioa Betisarekin.
Zenbait ohar plazaratu dituzte, egitarauarekin lotuta. Batetik, egun horretako lehenengo ekintza egin ahal izateko, akrosport irudien bilduma, ariketak aurrez etxean egin eta argazkiak ateratzeko eskatu dute. Izan ere, erronka bota dute: ea 300 argazki biltzen dituzten ostegun gaua (apirilak 16) baino lehen. Argazkiak bi modutara bidal daitezke: zirimarausurbil@gmail.com helbidera bidalita, edo 688 807 336 telefonora bidalita. Bestetik, Susana Martinekin eskulanak egin ahal izateko, larunbata baino lehen latak, jogurt poteak, esnearen tetrabrikak, plastikozko botilak eta abar pilatzeko eskatu dute. Bazkariko menua haurrekin aldez aurretik lantzea ere komenigarria dela nabarmendu dute.
Ekitaldi guztiak NoauaTb bidez zabalduko dituzte, Noauaren Youtubeko kanalean.