Eduki publikatzailea

Atzealdea Konfinamendua dela eta, udalaren jarduna gutxieneko zerbitzuetara jaistea erabaki du Prebentzio Mahaiak

Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko, ahalik eta udal-langile gehienek etxetik lan egiteko prestatzen ari da udala. Harrera fisikorik ez da egingo udaletxean: telefono bidez egingo dute, 09:00etatik 14:00etara.

2020·03·16


Udalaren jarduna gutxieneko zerbitzuetara jaitsi da gaurtik aurrera: hala erabaki du Prebentzio Mahaiak, konfinamenduaren aginduaren ostean. Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko, ahalik eta udal-langile gehienek etxetik lan egitea erabaki dute, eta hori posible izateko baliabide teknikoak prestatzen hasi da udala: bihar-etzitan, fisikoki udaletxean egotea beharrezkoa den langileak baino ez dira izango udaletxean. Harrera fisikoa, esaterako, gaur bertan itxi da. Hemendik aurrera, kontrako aginduren bat iritsi arte, telefono bidez egingo dute, 09:00etatik 14:00etara (Gipuzkoako Foru Aldundiak ordutegiak murrizteko hartutako erabakiari jarraituz).

Udalaren jarduna gutxienekotara jaisteak dakar, besteak beste, batzordeak eta plenoak bertan behera geldituko direla ezinbestean hartu beharreko erabakirik ez dagoen bitartean. Udal-brigadari dagokionez, bitan banatuko dute taldea, egun alternoetan lan egiteko. Egunero egin beharreko lanak egiten jarraituko dute (uraren kontrola, kasu), eta gainerakoen kasuan, lehentasunen arabera joango dira egiten. Udaltzaingoak, berriz, ohiko jardunari eutsiko dio. Gizarte zerbitzuetan, berriz, kasu larririk ez bada, telefonoz egingo dituzte kontsulta guztiak, lehengo astean hasitako dinamikari jarraituz.

Alarma egoera dekretatzearen ondorioz, prozesu administratibo guztiak etenda gelditu dira. Pause botoiari emanda bezala, irekita dauden prozedurak ez dira iraungiko: alarma egoera bukatzen denean jarriko dira berriz ere martxan. Usurbilgo Udalaren kasuan, bi lan eskaintza zeuden indarrean: liburuzain laguntzailearena eta udal-brigadako langileen lan-poltsarena.

Bandoa

Tarte txikian, bigarren bandoa kaleratu du udalak: Herritarren Babes Sarea, harrera fisikoaren itxiera eta auzo-konpostaren aldaketak herritarrei jakinarazteko. Izan ere, udal-brigadak hartuko du egituratzailearen bila joateko eta konposta husteko ardura. Datozen egunetan, auzo-konposta egin beharrean organikoa zintzilikarioan utzi nahiago dutenek, aukera hori baliatu dezakete.

Hurbilagorekin elkarlanean

Goizean goiz, Usurbilgo frontoian elkartu dira Hurbilagoko merkatariak (ostalaritza eta bestelako zerbitzu batzuek lokalak itxi behar izan dituzte, konfinamenduaren harira). Udalak hainbat baliabide jarri ditu haien eskura: batetik, euren lokaletan jarri beharreko kartelak (bezeroei prebentzio neurrien berri ematekoa eta Herritarren Babes Sareari buruzkoa) eta bezeroek eskuak desinfektatzeko produktu bana. Horrez gain, udal-brigada aztertzekotan gelditu da bezero eta bezero artean zein saltzaileekiko mantendu beharreko metro eta erdiko distantzia nola markatu bisualki.