Eduki publikatzailea

Atzealdea Komunitatetik, heriotzaz

2026ko ekaineko Udalberrin argitaratutako zutabea, "Komunitatetik, heriotzaz" zikloaz.

2026·06·01


Apirilaren 15ean egindako saioarekin eman genion hasiera “Komunitatetik, heriotzaz” goiburua duen hitzaldi zikloari. Iaz Usurbilen izandako Bizipoza jardunaldi arrakastatsuen ostetik, herriko hiru ikastetxeetan beharrezkoa ikusi genuen Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera programa martxan jartzea, eskolak gai honekiko umezurtz daudelako, eta horretan lagundu egin nahi izan du Usurbilgo Udalak. Helburua da heriotza bizitzaren parte bezala normalizatzea eta irakasleei baliabideak eskaintzea, doluaren eta heriotzaren inguruko lanketa hezitzailea egiteko. 

Lanketa hezkuntza komunitatera mugatu ordez, herri osora zabaldu nahi izan dugu. Izan ere, Usurbil zaintzen duen herria izateko lanean ari gara aspaldidanik, eta horrek eskatzen digu gai honi ere ateak irekitzea. Heriotza guztion bizitzaren parte bada ere, sarritan isilpean edo beldurrez bizi dugu. Oraindik ere tabu handi bat izaten jarraitzen du, eta tabuak heriotzaren aurrean egoki kokatzeko izan ditzakegun berezko baliabideak eta potentziala lantzea eragozten du. Herriak edo komunitateak, ordea, indar handia du heriotzaren gaia beldurretik maitasunera bideratzeko eta heriotzaren inguruan kultura sanoago bat eraikitzeko, herritarren ahalduntzea lortzeko bidean. Hain justu, ikuspegi horretatik urte osorako egitaraua osatu dugu, heriotzari ertz ezberdinetatik begiratu eta lantzeko. 

Dagoeneko bi solasaldi egin ditugu, eta bereziki berezia izan da bigarrena. Gertuko heriotza traumatikoren bat bizi izan duten herriko bost gazte igo ziren oholtzara: Eneko Eizagirre, Lur Etxeberria, Unai Lejardi, Izaro Aizpurua eta Julen Agirre. Bidegin elkarteko Izaskun Andonegik gidatu zuen saioa, oso modu goxoan eta maitekorrean. Ezin eskertuago gaude Izaskunek egindako lanagatik, sentimenduei hitza jartzen eta bideratzen iaioa izan zelako.  

Eskerrak eman nahi dizkiet, era berean, gazteei, egindako gonbitari baiezkoa emateagatik. Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet parte hartzeko izan zuten adorearengatik, prestutasunagatik eta eskuzabaltasunagatik. 

Egun horretan bizi izan genuen emozio kolektiboa ez dugu sekula ahaztuko. Une magikoa izan zen, gure oroimenean iltzatuta geratuko den une ederra. Ez da ohikoa gure emozioak, sentimenduak eta bizipenak modu horretan azaltzea, plaza publikoan hain zaurgarri agertzea, baina, era berean, zenbat eskertu genuen guztiok. Ze beharrezko genuen! Seguru nago ez dela azkena izango. Elkar zaintzen duen komunitate honen kideago gara, orain. Batek esan zuen bezala, harro usurbildarra izateaz eta komunitate eder honen parte izateaz! Bejondeizuela!