Eduki publikatzailea

Atzealdea Kiroldegirako txandak Internet bidez har daitezke gaurtik aurrera

Orain arte bezala, astebeterako txandak har daitezke, espazio bakoitza egunean behin eta ordubetez erabili ahal izateko: erabiltzaileek mezu elektroniko bidez jasoko dituzte txanden konfirmazioak. Internetarekin moldatzen ez direnek txandak telefonoz deituta hartzen jarraitu ahal izango dute.

2020·12·10


Kiroldegirako txandak Internet bidez har daitezke gaurtik aurrera igerilekuetarako eta gimnasiorako: aste honetako txandak telefonoz eskatu beharko dira, baina astelehenetik (hilaren 14a) aurrerakoak jada webgunearen bitartez eskatzeko bidea egin dute. Astebeterako txandak har daitezke, espazio bakoitza egunean behin eta ordubetez erabili ahal izateko, eta eskatu orduko mezu elektroniko bidez jasoko dute erabiltzaileek erreserbaren konfirmazioa; ezustekoren bat tarteko joan ezin duenak mezu horren bidez baliogabetu ahal izango du erreserba. Internetarekin moldatzen ez direnek telefonoz deituta erreserbatzen jarrai dezakete. Tresna berriaren inguruko azalpenak eman dituzte prentsaurrekoan, gaur, Beñat Larrañaga kirol zinegotziak eta Garikoitz Garagarza kirol teknikariak.

Kiroldegiko erabiltzaileei txandak hartzea erraztea du helburu webguneak. Izan ere, une oro izango dute txandak hartzeko aukera: asteko zazpi egunetan, kiroldegia irekita zein itxita izan. Gainera, txanda hartzeko unean jakin ahal izango dute zenbat plaza dauden libre une horretan bertan (edo, hala balitz, txanda guztiak hartuta ote dauden jada). Horretarako, erabiltzailea sortu besterik ez dute beharko, NAN zenbakia edo B@kQ txartela erabilita, eta pasahitza erabaki. Kiroldegiko arduradunek erabiltzaileei eskatu diete euren helbide elektronikoak eta NAN zenbakiak jakinarazteko, datu horiek gorde eta sistema berriak modu egokian funtziona dezan. Erabiltzaile bakoitzak bere txokoa izango du webgunean, nork bere hitzorduak ikusi eta kudeatu ahal izateko.

Kiroldegiko bazkide ez direnek ere izango dute txandak webgunearen bidez hartzeko aukera, eta kiroldegian bertan ordainduko lukete dagokion kopurua.

Bi gida prestatu dituzte. Bata webgunearen bidez erabiltzailea eta pasahitza sortu eta hitzordua nola hartu azaltzeko, eta bestea, telefono mugikorretan webgunerako sarbide zuzena nola lortu jakinarazteko.

Buruntzaldeko kiroldegiekin batera

Buruntzaldeko beste kiroldegiekin batera (Lasarte-Oria, Urnieta eta Andoain) egin du urrats berria Usurbilgo kiroldegiak. Aurrera begira, webgunearen bidez kiroldegiari dagozkion tramite gehiago egitea dute helburu, baina lantzen ari dira oraingoz, eta aurrerago emango dute bestelakoen berri.