Eduki publikatzailea
Atzealdea Kiroldegiko suteak 641.000 euroko kalteak eragin ditu
2025·10·31

Abuztuaren 27an kiroldegiko saunan sortutako suteak 641.000 euroko kalteak eragin ditu, udalak egindako balorazioaren arabera. Urriko osoko bilkuran kreditu aldaketa bat onartu dute, aho batez, aseguru etxeari itxaron gabe udalak bere ekimenez eta ahalik eta azkarren kiroldegiko obrak egin ahal izateko. Prozedura azkartzeko eginahalak eginda ere, “ondo bidean”, 2026ko udazkenean berrezarri ahal izango da kiroldegiko eskaintza, bere osotasunean.
Guztira, 663.977,52 euroko partida bat gorde du udalak kiroldegiko obrak egiteko. Kalteen azken balorazioa, udalak urri amaieran jaso duena, 641.000 eurokoa izan da; jada gastatu diren 22.977 euroak aintzat hartuta (hasierako garbiketa, ingeniariaren kontratazioa...) egin da kreditu aldaketa, beraz.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eman zituen gaiaren inguruko azalpenak osoko bilkuran: haren esanetan, igerilekua eta sauna irekitzea urgentziazkoa da udal-gobernuarentzat, eta epeak mozteko modua udalak bere ekimenez jardutea da. Horretarako, ordea, gaitasun ekonomikoa eduki behar da, eta kasu honetan hala dela nabarmendu zuen: “Udalak diruzaintza gerakinari esker egingo ditu obrak, bestelako inbertsioei kalterik egin gabe eta aseguru etxeak zer nolako balorazioa egingo duen jakin gabe”.
Solaberrietak azaldu duenez, udalak berehala eman zion partea aseguru etxeari, baina oraingoz ez du jaso erantzunik. Diru kopuru handia tarteko, aseguru kontuetan aditua den abokatu bat kontratatu du udalak. Haren esanetan, aseguru etxeek ohikoa dute komunikazio ofizial eza. Edozein kasutan, behartuta dago partea jaso eta gehienez ere hiru hilabeteko epean erantzutera, beraz, azaro amaierarako informazio hori eskura izatea espero da; hala egingo ez balu, behartuta legoke udalari kalte ordainak ematera.
Osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketa GAOn argitaratu eta jendaurrean jarri behar da. Alegaziorik ez bada, abendu erdialderako egon daiteke partida erabilgarri, eta ordurako espero du udalak obren exekuzio proiektua ere: biak prest izandakoan lizitazioa atera eta ebatzi beharko du udalak. “Lizitazioan bizpahiru hilabete joango zaizkigu, eta obra egiteko beste lau hilabete beharko direla kalkulatzen dugu: beraz, ondo bidean, ea datorren urteko udazkenean gai garen kiroldegia irekitzeko”.
