Eduki publikatzailea

Atzealdea Kiroldegiak behin-behineko kirol eskaintza prestatu du, igerilekuak martxan jarri bitarterako

Gaurtik urriaren 10era bitartean izango da izena emateko epea, eta urriaren 20an hasiko dira. Suteak eragindako kalteak zehazteko txosten teknikoa egunotarako espero du udalak. Lehorreko ikastaroak asteazkenean hasiko dira martxan.

2025·09·29


Kiroldegiak behin-behineko eskaintza prestatu du, igerilekuak martxan jarri bitartean gauzatzeko asmoz. Abuztuaren 27ko suteaz geroztik, itxita daude kiroldegiko igerilekuak, sutea sortu zen saunaren ondoan baitaude: sutearen kalterik handienak eremu horretan izan ziren, eta ez dago erabiltzeko baldintzarik. Udalak kalteak zehazteko txosten teknikoa eskatua du, eta egunotan jasotzea espero du. Helburua argia da: “Igerilekua berriro irekitzea izango da lehentasuna”. Gaur ireki da izena emateko epea, urriaren 10era arte, kiroldegian aurrez aurre edo telefonoz (943 37 24 98).

Bitartean, uretako ikastaroetan izena emandako erabiltzaileei zein erabiltzaile guztiei, oro har, bestelako ikastaroak egiteko aukera eskaini du, orain, kiroldegiak:

  • Entrenamendu funtzionala (igeriketara zuzendua: indarra eta teknika)
  • Multigym (Aquagym -> aretoan)
  • Konbinatua (spining + uretako saioen ordez aretoko jarduerak)

Igerilekua irekitzean, ikastaro horiek eten egingo dira, uretakoak ordezkatzeko prestatuak dira eta.

Bi ikastaro berri ere proposatu dira:

  • Iso-Stretching: bizkarra landu eta indartzeko ikastaroa
  • OKI: Oreka, Koordinazioa eta Indarra

Horrez gain, asteazken honetan dira hastekoak lehorreko ikastaroak. Kasu horretan, izena emateko epe arruntean erabat bete ez ziren ikastaroetan izena emateko aukera dago:

  • Total training: astelehen-asteazken, 08:00etan
  • Spinning: astelehen-asteazken, 20:30ean
  • Yoga: astearteetan, 09:00etan
  • HIIT: astelehen-asteazken, 20:15ean
  • Emakumeentzako oinarrizko indarra: astearte-ostegun, 15:30ean

Sutearen ondorena

Hilabete pasatu da abuztuaren 27an kiroldegiko saunak su hartu zuenetik. Suteak eragin gutxien izandako eremuak astebete inguruan ireki ahal izan ziren, irailaren 3an, airearen kalitatea neurtu eta emaitza onak izan ostean. Igerilekua eta sauna, ordea, itxita daude ordutik: zehazterik ez dagoen arren, eremu horren birgaitzeak luze joko du. Uretako ikastaroen izen-ematea eten egin zen, eta igerilekuak irekitzeko baldintza egokiak daudenean irekiko da, berriz; jada izena emanda dutenek ez dute berriz egin beharko.

Kalteak zehaztu ahal izateko, lehenengo lana instalazioak sakon garbitzea izan zen. Kalteen txosten teknikoa aurrez kiroldegiko proiektua landu zuen ingeniari berari eskatu dio udalak. Aurreikuspenen arabera, egunotan jasoko du dokumentua, eta jakingo du zer lan egin behar diren eta zenbateko kostua izango duen. Txosten hori ontzat eman beharko du udalaren aseguru etxeak, lanean hasi ahal izateko.

Ostegunean izan zen iraileko osoko bilkuran suteari lotutako kreditu aldaketa baten berri eman zen. Udalaren aseguru etxeak hasiera batean egindako estimazioari jarraiki, 185.000 euroko partida bat gorde da sutearen ondorioei aurre egiteko. Alkateak berak osoko bilkuran ohartarazi zuenez, ordea, oso litekeena da kopuru hori handitu behar izatea.

Eskaintza berria (PDF): hemen.