Eduki publikatzailea

Atzealdea Kirola seguruago egiteko inbertsioak egin dira kiroldegian

Hainbat segurtasun neurri hartu dira barruko pistan zein kanpokoan. Guztira, 17.000 euro inguruko inbertsioa izan da.

2024·10·03


Kirola egitea seguruago izan dadin inbertsioa egin da kiroldegian, zehazki, barruko eta kanpoko pistetan: guztira, 17.012,92 euroko inbertsioa izan da. Udalaren ekimenez egin dira inbertsioak, kirol ekipamendu horien gabeziak zuzentzeko bokazioarekin. “Udal bezala, kirola eta ariketa fisikoa bultzatzea dagokigu, baita horretarako bitarteko edo baldintza egokiak eskaintzea ere, eta hori izan da inbertsio horiek egiteko arrazoia”, nabarmendu du Xabat Beloki Segurola zinegotziak.

Barruko pista

Bi neurri hartu dira. Batetik, kolpeetatik babesteko lona berria jarri dute barruko pistako bi ateen atzean, alderik alde, aurrekoak urte asko zituelako. Partidak jokatzerakoan ohikoa izaten da jokalariak paretaraino iristea, eta jarritako lonek kolpeak arintzen lagunduko dute. Bestetik, bi ateak ere berriak dira, iraultzeen aurkako sistema dutenak: ateen oinarriek kontrapisuak dituzte, ateak iraultzea saihesteko. Neurrira eginikoak dira, gainera: pistako fondoko marrak paretetatik oso gertu zeuden, eta ez ziren sartzen neurri arruntekoak.

Kanpoko pista

Kiroldegiko kanpoko pistan, berriz, hausturak saihesteko sareak jarri dira ateetan. Orain arte, sare arruntak zeuzkaten, harizkoak, eta maiz puskatzen ziren, erabiltzaileen segurtasunarentzat arriskutsuak izateraino. Horregatik, burdinazko sareak jarri dituzte, eta lurrean finkatuta daude horiek ere.