Eduki publikatzailea

Atzealdea Kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatzea onartu dute, osoko bilkuran

Bost urterako kontratatuko dira bi zerbitzuak. Bolumen handiko kontratua izanik, Europara ere zabaldu behar da lizitazioa.

2024·07·26


Kiroldegian kirol jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatzea onartu dute, aho batez, uztaileko osoko bilkuran. Lizitazio bakarrarekin bi zerbitzu kontratatuko dira: kirol jarduera fisikoa (ikastaroak, gimnasioa, igeriketa kanpainak, Usurbil Suspertu orientazio zerbitzua, eta abar), eta igerilekuetako sorospen zerbitzua.

Kontratuaren iraupena bost urtekoa izango da (3+2), eta, guztira, ia 2 milioi eurokoa izango da (BEZ gabe). Bolumen ekonomiko handia dela eta, Europara ere zabaldu beharko da lizitazioa, eta horrek, era berean, proposamenak aurkezteko epea luzatzea dakar. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu duenez, gaur egungo prezioekin alderatuta igoera handia da, %40 ingurukoa. Sektoreko lan hitzarmena berritu zuten iaz, eta hori da igoeraren arrazoietako bat: izan ere, langileen soldatak izoztuta egon dira hamar urtez, eta horiek eguneratu behar dira.

Kontratazio organoa udalbatza denez, proposamenak jaso eta onartu ostean, osoko bilkuran onartu beharko da kontratuaren esleipena.