Eduki publikatzailea
2020·05·30
Ordenantza fiskaletan jasoa dago obra edo proiektu batek %50erainoko hobariak jaso ditzakeela, interes sozial eta onura nabarmena ekarriko badio herriari. Kalezarreko zaintzadun etxebizitzen auzuneak baldintza hori betetzen duela argudiatuta, Matia Fundazioak hobari hori aplikatzeko egindako eskaria ontzat eman du Usurbilgo Udalbatzak, EH Bilduren eta EAJren botoekin; PSEk abstentziora jo zuen. Halaxe argudiatu zuen EH Bilduko zinegotzi Lur Etxeberriak: “Covid19-ak eragindako egoera larri honek bistan utzi du adinekoen zaintzan krisi argi bat dagoela. Zer baztertuak, isolatuak, egoera erabat triste eta larrian izan ditugun argi ikusi da. Sistema honek gabezia bat duela argi geratu da; zer pentsatua eman behar digu, zaintza eredua aldatzera eraman behar gaitu".
Hobari gehiago ere aplikatuko zaizkie. Irisgarritasuna edo energia efizientzia bermatzeagatik %90-95 arteko hobariak ere izango baititu proiektuak. Azken bi kasu horietan, hobaria zuzenean aplikatzen dio udalak, baina %50ekoa aplikatu ahal izateko beharrezkoa zen udalbatzak onespena ematea. Etxeberriak azaldu zuenez, udal-gobernua ordenantza fiskalak aldatzea aztertzen ari da: osasun krisia eragiten ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko formula gisa, enplegua sustatuko duten proiektuei hobariak aplikatzea aztertzen ari dira. Kasu horretan, Matiaren auzuneari zein etorkizuneko bestelako proiektuei aplikatzeko moduan egongo lirateke.
Udal artxiboaren berrantolaketa
Udal artxiboari tokia falta zaio: dokumentazioa jasotzeko arazoak daude udaleko sail guztietan, eta artxiboan aspaldian ez da dokumentazio berririk hartzen, ez baita sartzen. Horregatik, sailez saileko azterketa bat egiten ari da udala Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak ezarritako irizpideak jarraituz: espedienteek etorkizunean balio informatiboa edo historikoa badute, gorde egiten dira, eta, halakorik ezean, xahutu. Lehenengo fasean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eta oinarrizko errentaren laguntza eskatzeko espedienteen xahuketa egin zen; oraingoan, Gizarte Zerbitzuetako hainbat espediente eta kutxa xahutzea adostu dute, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin.
Zubietako kaxkoko exekuzio unitateko xehetasun azterketa behin betiko onartzea ere adostu zuten maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo zuen.
Santixabel eguna, uztailaren 2a, herriko jaiegun izendatzea onartu zuten aho batez.