Eduki publikatzailea

Atzealdea Kale Nagusiko igogailua eta Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria hizpide, 2025eko aurrekontuak aurkezteko bileretan

Bederatzi bilera egingo dira herri-auzoetan, urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean: aurrekontuez gain, tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko dira, eta herritar guztientzat irekiak izango dira. Udal-gobernuak azaroko osoko bilkuran onartu nahi ditu aurrekontuak.

2024·10·17


Hurrengo urteko aurrekontuetarako proposamena lantzen ari da udal-gobernua, eta horren berri emateko bilerak antolatu ditu Usurbilgo herri-auzoetan. Urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean, bederatzi bilera izango dira, guztira: tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko saiook, eta bakoitzeko auzotarrentzat ez ezik, herritar guztientzat irekiak dira. Bilera guztiak 18:00etan izango dira.

Lehengo astean bileren daten berri eman ostean, aurrekontuez gain bileretan landuko diren gaiak jakinarazi dituzte: zenbait gai herri-auzoei oso lotuak dira, baina beste batzuk herritar guztientzako interesgarriak izan daitezkeela uste du udal-gobernuak, eta, beraz, bilera horien izaera irekia nabarmendu du. Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailua edo Santuenea eta Zubieta lotuko dituen bidegorria horren adibide izan daitezke.

Herri-auzoa

Gaiak

Eguna

Aginaga. Eliza Zaharra.

Eliza Zaharra, alagunea, semaforoak.

Urriak 29

Kalezar. Pelaioenea.

Belmonte kalearen trafikoa.

Urriak 29

Santuenea. Frontoi ondoko lokala.

Auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia.

Urriak 30

Munalurra. Eguzki.

 

Urriak 30

Txokoalde. Txokoargi.

Altzonazko zubiaren obra.

Azaroak 5

Atxegalde. Udarregiko jangela

 

Azaroak 5

Etxealdia. Potxoenea.

Igogailua eta irisgarritasun plana.

Azaroak 6

Zubieta. Kaxkape.

Bidegorriaren proiektua.

Azaroak 7

Kaxkoa. Potxoenea.

 

Azaroak 12

2025eko aurrekontuak azaroko osoko bilkuran onartzea da udal-gobernuaren asmoa: hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.