Eduki publikatzailea

Atzealdea Judas Arrietak mural bat egingo du frontoiaren ezker-paretaren kanpoko aldean

Pareta zuritzen hasi da udal brigada: dena ondo bidean, eta eguraldiak laguntzen badu, astelehenean hasiko da Arrieta lanean.

2019·11·27


Judas Arrieta artistak mural bat egingo du Usurbilen, frontoiaren ezker-paretaren kanpoko aldean. Elkarren arteko loturarik ez zuten hainbat pintaketa zeuden orain arte pareta horretan, eta Arrietaren murala kokatzeko leku egokitzat du udal-gobernuak. Hori dela eta, pareta zuritzen hasi da brigada, eta, eguraldiak laguntzen badu bederen, astelehenean hasiko da Arrieta lanean.

Gaizki-ulertu bat tarteko, 2015ean Kilometroak Usurbilen egin zeneko pintaketa ere ezabatu egin du brigadak. Hanka sartzea izan da, baina berriz margotuko da, lehengo itxurarekin utziz.

Bada denbora bat Harria Hitz bisita gidatuak egiten hasi zirenetik, Usurbilek arte garaikidearekin duen loturaren erakusgarri: erdigunean dauden artelan horiek bakar batean bilduko ditu Arrietak, bere ukitu pertsonalarekin. Hain zuzen, Arrietaren muralarekin Usurbilek arte garaikidearekin duen lotura “are estuagoa” izatea da helburuetako bat.