Albisteak
Atzealdea

Juan Bautista Aginaga Otegi fusilatua gogoratu dute, Meagan

Juan Bautista Aginaga eta Pedro Julian Agirre Gallastegi aiarra omendu dituzte, 1936ko urriaren 1ean erail zituzten lekuan, Meagan. Zumaiako, Aiako eta Usurbilgo alkateek bat egin dute Usurbil 1936 elkarteak antolatutako ekitaldian.

2022·05·16


Juan Bautista Aginaga Otegi usurbildar fusilatua gogoan hartu dute asteburuan, Meagan, Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren elkarteak antolatutako ekitaldian. 1936ko urriaren 1ean fusilatu zuten Aginaga, Meaga inguruan; harekin batera hil zuten Pedro Julian Agirre Gallastegi aiarra. Fusilatuen senideekin izan dira, omenaldian, Usurbil 1936 elkarteko kideak eta Zumaiako, Aiako eta Usurbilgo alkateak, eta haiek gogoratzeko eskultura jarri dute, hil zituzten bide bazterrean.

Fusilatuen senideentzat izan dira hiru alkateen lehenengo hitzak. “Zuen senitartekoen oroimena ezkutuan eramatera behartu zaituztete, baina beti bizi-bizirik izan duzue. Eskerrik asko, beraz, hiru alkateon izenean, haien duintasuna eta oroimena bizirik iraunarazteagatik, euren izenak, izanak eta memoria desagerrarazi nahi izan zituen sistema frankistari eta inposatutako bazterketari eta ahanzturari aurre egiteagatik”. Duela gutxi Derion 36ko gerran fusilatu zituzten gizon-emakumeak omentzeko ekitaldian Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren hitzak nabarmendu dituzte: “Esan zuen familien memoria hori gizarte-memoria bihurtu dela. Eta arrazoi du: herriaren memoria da. Gure historia”.

Faxistek Gernika bonbardatu zutela 85 urte bete direnean, Espainiako Gobernuko presidenteak lehenengo aldiz gertakari haiek gaitzetsi izanari balioa eman diote, baina harago joateko beharra nabarmendu dute: “Urrats ñimiño bat izan denik ezin ukatu, baina Gernikak eta Euskal Herriak egian oinarritutako memoria behar dute. Memoria eta ahanztura anonimoak dira, baina ahanzturaren antonimorik borobilena ez da memoria, egia baizik. Eta egia zabaltzen dugun aldiro, ahanzturari gerra irabazten ari gara. Eta horretan ez dago, oraindino, ez Espainiako Gobernua ez eta Espainiako Estatua ere”.

Aginagaz eta Agirrez ezagutzen dena

Iazko irailean hasitako ibilbideari segida emanez, Usurbil 1936 elkartea fusilatutako herrikideak hil zituzten gune edo lekuetan oroigarriak jartzen ari da. Elkarteak jasotako zenbait lekukotasunen arabera, faxistek tirokatu zituzten lekuan bertan utzi zituzten Juan Bautistaren zein Pedro Julianen gorpuak, bide bazterrean botata. Inguruko herritarrek jaso, eta gertuko soro batean lurperatu zituzten, bi arbolaren artean.

1980ko uztailaren 13an, EAJren eskutik, hobitik atera eta senideek gorpuzkiak bakoitzak bere herrira eraman zituzten; Usurbilen eta Aian aitortza ekitaldia eta meza bana egin zizkieten.

Juan Bautista Aginaga Otegi

1903ko apirilaren 25ean jaioa, Usurbilen. Lanbidez, arotza. Gaztainagako Tolaretxen bizi zen. EAJko kide, Eusko Gaztediko arduraduna eta Mendigoizaleko partaidea zen. Gerra hasi zenean, Usurbilgo milizietan eman zuen izena faxistei aurre egiteko. 1936ko urriaren 1ean erail zuten, Meaga inguruan (Oikia eta Zumaia artean), 33 urterekin, bezperan bere aitaren hileta elizkizunetik ateratzekoan atxilo eraman ostean.

Pedro Julian Agirre Gallastegi

Elgoibarko Legarda baserrian jaio zen 1912ko irailaren 17an, baina txikitatik familia Aiara joan zen bizitzera. Olaskoegia auzoko Olaskoaga-azpi baserrian bizi zen. Michelinen egiten zuen lan. 1936ko urriaren 1ean erail zuten, 24 urterekin, Aginagarekin batera, bezperan hiru “ezagunek” Oriora atxilo eraman ostean. Familiak udaletxeko kartzelatik nola ateratzen zuten ikusi zuen, baina ez zieten ezta besarkatzen utzi ere.