Eduki publikatzailea
Atzealdea Jokin Bildarratzi gutuna
2023·07·17
Bildarratz, estimatua:
Ezer baino lehen, nire burua aurkeztu nahi dut. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea nauzu: gure herrikide bat pairatzen ari den egoera larriaren berri eman nahi dizut gutun honen bidez, eta egoera birbideratzeko eskatu.
Herrikide honek 16 urte ditu, eta garun paralisia du. Horrek lau gorputz-adarrei eragiten die eta mugikortasun arazo handiak ditu. Gurpildun aulki elektrikoa behar du, ikusmen arazoak ditu eta eskuineko eskua mugitu dezake, baina zailtasunekin.
Ikasturte honetan Usurbilgo Lanbide Heziketan Kudeaketa Administratiboa zikloa egiten ari da, baina ez da jasotzen ari berak beharko lukeen laguntza. Orain arteko ibilbide akademikoan ikastordu guztietan jardun osoko laguntzailea izan du; Lanbide Heziketara igaro denean, aldiz, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren argudioa izan da nahikoa izan zitekeela jardunaldi erdia, baita onuragarria ere, autonomia garatzeko. Erabakia eszeptizismoz hartu zuen familiak; baina ea horrela izan zitekeen proba egin zuten. Berehala konturatu ziren, ordea, ezetz: hasieratik ikusi zuten ezin zuela ikaskideen erritmoa jarraitu, atzean geratzen hasi zela, gero eta frustatuago... Horregatik, erabakia berraztertzeko eskatu izan diote Hezkuntza Sailari ikastetxeak eta familiak, eta lanaldi osoko laguntzailea jartzeko, baina Hezkuntza Sailak ukatu egin dio.
Erabakiak kalte larriak eragin dizkio, bai prestakuntza-prozesuan, bai garapen pertsonalean, bai gizarte integrazioan, orain arte lortutako emaitzak arriskuan jartzeraino. Terapia psikologikoan dago, eta buru osasunean eragiten ari zaio: autoestimuan izugarri eragin dio, zama bat dela pentsatu eta ikasketak utzi nahi ditu, harremanei ere eragin die, isolatzeraino.
Egoera larri honen aurrean, alkate gisa, gutun honen bidez nire ezinegona adierazi nahi dizut, eta egoera birbideratzeko zure eskuetan egon daitekeena egiteko eskatu. Izan ere, ez dut ulertzen nola uka dakiokeen lanaldi osoko laguntzailea eta nola ez diren aintzat hartu elkarte eta eragile ezberdinetatik (Usurbilgo Lanbide Eskola, familia eta Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio koordinatzailea, besteak beste) Hezkuntza Sailean aurkeztu izan dituzten erreklamazioak. Gainera, Hezkuntza Sailaren erabakiak, urratu egiten du hezkuntza inklusiborako eskubidea, konbentzio eta lege ugaritan berariaz jasota dagoen eskubidea, esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legean edota dekretu ezberdinetan. Guztietan esaten da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei beren premien arabera erantzun beharko zaiela matrikulatuta dauden ikastetxeetan, ikastetxearen baliabideekin eta hezkuntza administrazioak haien esku jartzen dituen baliabideekin.
Aurrez esan bezala, beraz, zure eskuetan egon daitekeena egiteko eskatu nahi dizut, bere ikasketa prozesuekin aurrera egin dezan, eta nire elkarlanerako prestutasuna adierazi, hezkuntza eta gizarte inklusiboaren aldeko erronkan. Asko aurreratu dugu gizarte gisa, baina begibistakoa da oraindik asko dugula egiteko, eta halako erabakiak kontrako norabidean doazela ulertzen dut. Egin dezagun lehenbailehen zerbait, beranduegi izan baino lehen.
Nire eskaerak aintzat hartuko dituzulakoan,
adeitasunez.