Eduki publikatzailea
Atzealdea Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren deialdia, martxan
2026·07·15

Usurbilen, Joan Mari Torrealdairen bizitoki zen herrian, aurkeztu dute Joan Mari Torrealdai bekaren III. Edizioa, Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak, elkarrekin. Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak arakatzeko helburua du bekaren hirugarren deialdiak: urriaren 26ra bitartean izango da proiektuak aurkezteko aukera, eta irabazleak 14.000 euro eskuratuko ditu, ikerketa 18 hilabeteko epean garatzeko. Proiektuak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali behar dira.
Haritz Azurmendi Jakineko kideak eman ditu deialdi berriaren xehetasunak. Aurtengo Jakin jardunaldian hizpide hartutako gai berbera izango da bekaren gaia ere. Torrealdai euskara batuaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta euskararentzako eredu estandarra sortu eta sozializatzeko borrokaren parte ulertzen zuen edozein erregistrotan hizkuntza zaindu eta adierazkorra erdiesteko helburua, Azurmendik gogoratu duenez. “Euskara bizi eta esanindartsua aldarrikatu zuen, eta baita elikatu ere, hitzaldien, zutabeen, saiakeren eta ikerketen bidez”.
Azurmendiren esanetan, hizkuntza guztietan bezalaxe, euskaraz ere ezinbestekoa da adierazkortasuna lantzeko kontzientziak indartzea, azpiegitura kultural eraginkorren multzoa osatzea, baliabideak eta tresnak sortu eta sozializatzea. Azaldu duenez, azkenaldian piztu den kezka gehitzen zaio horri, minorizazio egoeraren ondorioz, adierazkortasuna euskaratik lortzeko gaitasunak eta eredu adierazkorrak gizarteratzeko bideak ahultzen ari direlakoa. “Hori ikusita, beraz, premiazko jo da, ildo horretan orain arte egindako bidea abiapuntu hartuta, gaur egungo euskara adierazkorrak landu eta gizarteratuko dituzten proiektuak laguntzea”.
Hori norabide askotan gauza liteke, Azurmendiren arabera: adierazkortasuna euskaraz trebatzeko bide gaurkotuak eskainiz, edo gaur egungo behar komunikatiboetarako askotariko ereduak entseatuz. “Bereziki sustatu nahi da aurkeztutako proiektuek adierazkortasunari buruzko egiturazko gogoetak izatea abiapuntu, eta proposatutako emaitzek gizartean eta hiztunengan modu eraginkorrean hedatzeko forma izatea”.
Epaimahaia Ainara Lasak, Ibai Iztuetak, Miren Amurizak eta Gorka Bereziartuak osatuko dute: hilabete izango dute jasotako proposamenak aztertu eta irabazlea aukeratzeko, eta abenduan jakinaraziko da proposamen irabazlea.
EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean
Bekaren hirugarren deialdia abiatzeaz gain, bigarren deialdiak emandakoak ere izan dituzte hizpide, prentsaurrekoan. EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuak irabazi zuen 2024an abiatutako deialdia, eta aurten ari dira egindako lanaren emaitza aurkezten. Matilda Legardinier EHZ-ko kideak azaldu duenez, hiru euskarritan argitaratuko da emaitza: Uhinen ildoan podcasta, Auzolanaren lurretan. EHZ: 30 urtez zuzenean liburua eta dokumental bat. Lehenengo biak argitaratu dituzte dagoeneko, eta urte amaierarako espero dute dokumentala.
Servierrek. “EHZn ohi dugun bezala, auzolanean osaturiko sormen-lanak izan dira hauek”, erantsi du Aitor Servier EHZ-ko kideak. “EHZren B aldean murgildu dira entzuleak, Uhinen Ildoan podcastarekin: oraino entzun ez duenak badu horretarako aukera EHZ-ren webgunean edo Euskal Irratien atarian”. Liburuaren kasuan, EHZ-ren ibilbidearen kontakizuna egiten dute, garai bakoitzean izandako protagonista nagusien ahotsak jasota. “Modu horretan, EHZ-ren bilakaera ez-ezik, Ipar Euskal Herrian hiru hamarkadotan gertaturiko aldaketa sozial, kultural eta politikoei ere heldu diegu: EHZ-ren esperientzia xumea uzten dugu irakurleen eskuetan, herrigintzan eta kulturgintzan dabiltzanentzako inspirazio iturri izan daitekeelakoan”, azaldu du Servierrek. Dokumentalean, berriz, iraganera beharrean orainera begiratu nahi izan dute, eta urte osoan EHZ-ren prestaketa nola izan den grabatu dute: “Erretratu bat egin nahi izan dugu, gaur egun EHZ-n gabiltzan gazteok ze kezka ditugun militantzia ereduaren inguruan, lurraldean sustraitzeko moduaz, eta abar”.
JMT beka jasotzea ohorea izan dela nabarmendu du Legardinierrek, EHZ-ko kideentzat erreferentea baitzen: “Euskal kulturgintzaren langile nekaezin horren ondarea gure egiten dugu”. Halaber, esker oneko hitzak izan ditu Usurbilgo Udalarentzat eta Jakin Fundazioarentzat, “une oro prest egon direlako behar genuen mota guzietako laguntza emateko”.
EHZ-ren esperientzia Usurbilen ereiten
Horrez gain, kultur ekitaldien antolaketari lotutako tailer bat eskaintzen ari dira EHZ-ko kideak, Usurbilgo Arrobitxulo proiektuarekin elkarlanean, 16 eta 20 urte bitarteko herritarrentzat. Jon Mikel Azpiazu Kultura zinegotziak azaldu duenez, Kulturgintzan ekin tailerrak bi atal izango ditu: teorikoa eta praktikoa. Martxoaren 14an egin zuten atal teorikoa, eta orduan landutakoak praktikan jartzeko lanean ari dira orain. “Usurbil kultur ekimenez beteriko herri bizia dugu, eta hori kultur eragileei esker da: tailer honekin haziak erein ditugu, urte askoan hala izaten jarraitu dezan”, nabarmendu du Azpiazuk.
Bekatik eratorritako emaitza Euskal Herrian zabaltzeko borondatea du EHZ-k, batik bat, kulturgintzaren eta herri mugimenduaren espazioetan, beraien jatorria hori bera delako. Egindako lan guztiaz gain, kultur ekitaldien antolaketari lotutako tailer bat Usurbilen emateko eskaintza pozik eta gogotsu jaso du udalak, Azpiazuk nabarmendu duenez: “Guretzat luxu bat da EHZ bezalako festibal bat antolatzen lanean aritzen direnen eskutik zuzenean ikasteko aukera izatea”.
JMT bekaren III. Deialdia: oinarriak

