Albisteak
Atzealdea

Joan Mari Torrealdai beka sortu dute Jakinek eta Usurbilgo Udalak, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko

Joan Mari Torrealdairi aitortza eta omenaldi gisa sortu dute beka, haren jardunari jarraipena emateko helburuarekin. “Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean” izango da bekaren lehenengo deialdiaren gaia: urriaren 24ra arte izango da proposamenak aurkezteko epea.

2022·06·16


Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko helburuarekin, bereziki, Torrealdaik berak jorratu zituen esparru nagusietan. Halaxe jakinarazi dute gaur, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak, Jakineko teknikari Haritz Azurmendirekin eta Torrealdai zenaren seme Manex Torrealdai Gorritirekin batera. Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko.

Haria eten ez dadin, ikerketa bultzatzea

Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, aspaldikoa da Usurbilgo Udalaren eta Jakin Fundazioaren arteko elkarlana: 2017az geroztik, Jakin Jardunaldiak antolatzen dituzte, UEUrekin batera. Urteotan landutako “konplizitateak eta elkarrekiko konfiantzak” ahalbidetu du, orain, Joan Mari Torrealdai beka ere elkarlanean sortzea. Hain zuzen ere, Jakin Jardunaldiak Usurbilen egitea ez da kasualitatea, Torrealdaik Usurbilen utzitako arrastoaren erakusgarri baizik, Solaberrietak nabarmendu duenez: “Herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko xedez abiatu zen, bere bultzadaz, besteak beste, Usurbil euskal kulturaren atzo izan zedin”.

Uztailaren 31n beteko dira bi urte Torrealdai hil zela, eta haren izena eta izana uztartuko zituen egitasmo bat abiatzeko nahia azaldu zion Usurbilgo Udalak Jakini, alkateak azaldu duenez. “Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio da beka, Torrealdai bere bizitza osoan aritu den horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan, dibulgazioan, etorkizunari so, pertseberantziaz, koherentziaz eta sendotasunez”.

Garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatzen zituen Torrealdaik, Solaberrietak nabarmendu duenez, eta horri eutsi nahi dio beka honek ere: “Hari hori ez eteteko bitartekoa izan nahi du beka honek. Haria ez dadin eten. Horixe da, gure irudiko, Torrealdairi egin diezaiokegun aitortza eta omenaldirik onena”. Ideia horrekin bat egin du Agirrek ere: “Merezi zuen, merezi zuenez, eta merezi du Joan Mari Torrealdaik ikerketa beka hau. Beste edozelako omenaldik edo kale bataiatzek baino zentzu handiagoa du, ze bere obsesio izan zen transmisioa, katea ez etetea eta ikerketa eta pentsamendu bat eratu eta herri baten etorkizunaren zerbitzura jartzea”.

Joan Mari Torrealdai: ekiteko ikertzea.

Torrealdairen ikerlari alderdia eta lan egiteko modua nabarmendu ditu Agirrek, prentsaurrekoan: “Oinak lurrean jarriz, ez airean, ez abstraktuan, eta beti herri batentzat, kultura batentzat eta hizkuntza batentzat. Marko orokor batekin: Euskal Herria, euskal nazioa”. Hori guztia, Jakinen baitatik eta Jakin bera zuzenduz eta zabalduz.

Agirrek gogoratu duenez, Torrealdairen lana 24 liburu, 47 liburu zati eta 517 artikulutan dago jasoa, 1973an idatzi zuen Iraultzaz liburutik hasi eta iaz, hil ostean, argitaratu zitzaion Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta libururaino. Zer ikertu, eta, beraz, zerren inguruko pentsamenduak sortu zituen zerrendatu du Agirrek: (1) euskalgintzaren izaera, estrategia, egituragintza eta helburua, (2) zergatik eta zertarako euskaldun izan, (3) euskara batuaren estatusaren eta sozializazioaren beharra, kulturaren eta nazioaren oinarri nagusi gisa, (4) liburugintzaren ikerketa, (5) Liburutegi Nazionalaren egitasmoan (gauzatzerik lortu ez bazuen ere, ikerketa lan ugari egin zituen), (6) euskararen zentsura eta (7) euskarazko komunikabideak.

Ikertzea tresna bat zen Torrealdairentzat, eman beharreko pausoak ezagutzeko balio ziona, Agirrek azaldu duenez: “Ikertzea praktikara begira egiten zuen beti Torrealdaik. Beti egiteari begira teorizatzen. Ez ikertzea ikertzeagatik. Ez ideietan loriatzeagatik. Ez liburuetan uzteko, edo lainoan, edo inoren gogoaren baitan, edo akademiako zirrikituetan. Zertarako bati erantzuteko. Ekiteko. Herriari eskaintzeko”. Horregatik, Joan Mari Torrealdai bekak ere bokazio bera du: “Ikerketarako eremu bat zedarritu eta ikerketa sustatzea eta gero ikerketa sozializatzen eta gauzatzen laguntzea”.

2022ko deialdia: “Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean”

2022ko Joan Mari Torrealdai bekaren gaia “Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean” izango da, Azurmendik jakinarazi duenez. Torrealdaik, bere obran (Euskal idazleak gaur eta Euskal kultura gaur liburuetan, besteak beste), kultura garaikidearen inguruan egin izan zuen gogoetaren izpiritua ekarri nahi du bekak: garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideka planteatu. Ildo horretan kokatzen da bekaren gaia: “Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden ze eztabaidetatik, ze esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo, alderantziz, nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?”.

Bekaren bidez egindako gogoeten edo ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa... Banaka edo taldean parte hartu daiteke, eskakizunak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidalita. Eskakizunak bidaltzeko azken eguna urriaren 24a izango da.

Ikerketa-proiektuak baloratzeko prozesua itsua izango da, hau da, epaileek ez dute jakingo proiektuen egileak zein diren. Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dituzte: (1) proiektuaren originaltasuna, (2) ikerketak gizartean izan dezakeen eragina edo interes soziala, (3) proiektuaren egingarritasuna, (4) zehaztasun eta egokitasun maila eta (5) proiektuak genero-berdintasuna sustatzea. Erabakia deialdia itxi eta hilabetera jakinaraziko dute.

Bekaren irabazleak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko, eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko. Izendapena jaso eta bederatzi hilabetera, dena den, irabazlea epaimahaikideekin eta antolatzaileekin bilduko da, lanaren jarraipena egiteko. Lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da. Antolatzaileek beren gain hartuko dute lanaren gizarteratzea, beti ere egilearekin adostuta.

Senideak, esker oneko

Manex Torrealdaik esker oneko hitzak izan ditu, senideen izenean, bekak Torrealdai zenaren lanari segida ematea ahalbidetuko duelako; haren izena ez ezik, izana ere aintzat hartu dutelako. “Diruz lagunduko da, gainera, eta oso garrantzitsua da hori, ikerlariak lasaitasunez eta askatasunez lan egin ahal izango duelako”.