Eduki publikatzailea
2021·05·03
Jarduera fisikoaren preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua martxan jarriko da, berriz ere, asteazkenetik aurrera, kiroldegian. Herritarrak pertsona aktiboak izan daitezen lan egingo du Usurbil Suspertu aholkularitza zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako programa da. Covid19-a dela eta, kiroldegian hartuko dituzte herritarrak behin-behinean, anbulatorioan beharrean. Asteazkenetan eskainiko da zerbitzua, 09:00etatik 13:00etara. Zerbitzua osasun etxeko langileen preskripzioz jasoko dutenei orientatzaileak deituko die, zuzenean, hitzordua emateko; hitzordua beren kabuz hartu nahi dutenek, berriz, kiroldegira deituta eska dezakete, 943 37 24 98 telefonoan.
Funtzionamendu sinplea du zerbitzuak. Osasun etxeko profesionalei iruditzen bazaie pazienteari kirola edo jarduera fisikoa egitea komeni zaiola, horixe agindu, eta aholkulari horrengana bideratuko dute. Hark, pazientearen bizi ohiturak kontuan izanda, zein ariketa eta zein maiztasunekin egin ditzakeen aholkatu eta pauta batzuk jarriko dizkio, eta horren jarraipena ere egingo du. Dena den, medikuak aholkatu gabe ere jo daiteke aholkulari horrengana.
Lau asterako plan bat definituko dio aholkulariak erabiltzaileari: epe hori pasatuta, harekin bildu, eta tarte horretan izandako kezkak edo eragozpenak elkarbanatuko dituzte. Horiei nola aurre egin ebatzi ostean, hurrengo hilabeteetan zein irizpide jarraitu gomendatuko dio aholkulariak.
Bizitza aktiboa izateko ohiturak herritarren egunerokoaren parte izatea da helburua, kirolak eta jarduera fisikoak pertsonen buru ongizatean zein fisikoan dituen onurak kontuan hartuta.