Eduki publikatzailea
Atzealdea Jakin Jardunaldiak: 'Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak'
2023·06·07

Hilabetez aldatuta dator aurtengo Jakin Jardunaldia, uztailean beharrean, ekainaren 22an eta 23an egingo baita aurten. Euskal Herriko gizarte mugimenduen azken urteetako bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide. Urtero legez, UEUren Udako Ikastaroen baitan dator Jardunaldia eta aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da; zazpigarren urtez jarraian Usurbilgo Udalak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute. Ekainaren 15era arte dago izena emateko aukera, UEUren webgunean.
Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Lorea Agirre Jakineko zuzendariak hitz egin dute. Bengoetxeak UEUren iazko 50. urteurrena gogoratu du, eta bost hamarkada eta gero, egun “hausnarketa eta gogoetarako gune” direla azpimarratu, elkarlanean oinarrituta sortutakoak.
Solaberrietak ere elkarrekin pentsatzeko plaza gisa izendatu ditu jardunaldiak. Gizarte mugimenduak ez ezik, udalgintzan eta instituziogintzan ari direnak ere gonbidatu ditu parte hartzera, jardunaldian “egun ditugun erronka konplexuei elkarrekin” erantzuteko bideak ere jorratu nahi direlako. Solaberrietak esan du aldaketa klimatikoaren edo zaintzaren erronkei aurre egiteko administrazioak ezinbestekoa duela bestelako eragile pribatu zein komunitarioekin lankidetzan aritzea. Galderak bota ditu jardunaldirako amu: “Prest al gaude harreman logika berriak eraikitzeko? Boterea partekatzeko? Herri eta gizarte mugimenduek botere hori partekatu nahi dute? Nola?” Azken hilabeteetan, Usurbilgo udala gogoeta horretan ari dela aipatu du Julen Mendozaren laguntzarekin, eta jardunaldia oso baliagarria izango dela horretan guztian sakontzeko.
Aldatuz doan errealitatea
Lorea Agirrek aipatu duenez, “Euskal Herriaren ezaugarri bat da gizarte mugimenduak protagonista garrantzitsu izatea herrigintzan. Gizarte mugimendu anitza eta militantea dugu eta eremu horretatik ekimen asko landu dira, proposamen asko egin eta eragin politikoa bideratu”. Baina gizartea aldatu den heinean, mugimendu horiek ere aldatuz joan dira, bai euren jardunean, baita gainerako eragileekin eta erakundeekin harremanean ere.
2018tik EHUko lau ikerketa talde, Nor, Afit, Ekopol eta Parte Hartuz, gizarte mugimenduen gainean eta partehartze politikoaren gainean ikertzen ari dira. “Kaleratu dituzten azken ikerketak aitzakia hartuta edo akuilatuta osatu dugu Jakin Jardunaldi hau eta ondotik etorriko den Jakin monografikoa ere”, esan du Agirrek. Aldaketen artean gizarte harremanen desinstituzionalizazioa, zaintzaren eta ekologiaren muturreko krisiak, lan baldintzen prekarizazioa eta lan eskubideen galera, ondoriozko desberdinkeriaren areagotzea eta demokrazia instituzionalari buruzko ezkortasuna eman ditu aldaketa horien adibide gisa. Marko horretara eraman gaituen mundu gero eta globalizatuago eta neoliberalagoa gizarte mugimenduen kontrakoa dela aipatu du Agirrek, eta “sortu den krisi sistemikoan inoiz baino beharrezkoagoa dela gizarte mugimendu indartsuak egotea.”
Militanteak eta adituak
Aldaketa horiez gain, mugimenduen baitako erronkak eta joerak ere hizpide izango dituzte hizlariek. Horretarako, lehen egunean, aditu eta ikertzaileen hitzaldiekin batera, mahai-inguruak osatuko dituzte hainbat gizarte mugimendutako kideekin. Bertan ekologistek, feministek, euskalgintzako kideek, mugimendu antiarrazistakoek, gazteek eta pentsionistek hartuko dute parte, euren mugimenduen egoera eta elkarren arteko zubiak nola ikusten dituzten gogoetatzeko, besteak beste. Bigarren egunean, berriz, herri mugimenduen eta erakunde publikoen arteko harremanaz jardungo dute hiru adituk.
Jardunaldia bukatzeko, urteroko ekitaldi kulturala Mejillon Tigre kolektiboak eskainiko du aurten, “Hitz esana” emanaldiarekin, eta ondoren egingo da ohiko Txotx! ekitaldia.
EGITARAUA
Ekainak 22
08:45 - 09:00. Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00 - 09:30. Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
- Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
- Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea.
- Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
09:30 - 10:30. Hitzaldia: Gizarte mugimenduetatik komunitateak ehuntzen: premiazko bai, gatazkatsua ere bai.
- Marina Sagastizabal Yus (Soziologian doktorea, EHUko irakaslea)
- Ainara Santamaria Barinagarrementeria (Antropologian doktorea, Kazetaritzan lizentziatua)
10:30 - 11:00. Atsedenaldia.
11:00 - 13:00. Mahai-ingurua gizarte mugimenduko kideekin.
- Leo Bueriberi (EHko emakume migrante eta arrazializatuen sarea)
- Iraia de la Torre Landera (Hordago!)
- Maider Avaristo (Emagineko kidea eta militante feminista)
13:00 - 15:00. Bazkalordua.
15:00 - 15:45. Hitzaldia: Gizarte mugimenduen eraldaketak: paradigma berri baterantz?
- Txomin Poveda (Soziologian doktorea)
15:45 - 17:30
Mahai-ingurua gizarte mugimenduko kideekin.
- Joanes Igeregi Santamaria (Sukar Horia talde ekologista)
- Ana Mezo Basaras (EHko pentsiodunen mugimendua)
- Aitzol Gil de San Vicente Pla (Xuti Gazte!)
Ekainak 23
09:30 - 11:00. Herri mugimenduen eta instituzioen harremanaz.
- Julen Mendoza Perez (Zuzenbidean lizentziatua, aholkularia)
- Andere Ormazabal Gaston (Politika Zientzietan doktorea, EHUko irakaslea)
- Naiara Goia Imaz (ArantzazuLab-eko Zuzendari Nagusia)
11:00 - 11:30. Atsedenaldia.
11:30 - 12:15. Mahai-ingurua, eztabaida tartea.
- Julen Mendoza Perez (Zuzenbidean lizentziatua, aholkularia)
- Andere Ormazabal Gaston (Politika Zientzietan doktorea, EHUko irakaslea)
- Naiara Goia Imaz (ArantzazuLab-eko Zuzendari Nagusia)
12:15 - 12:30. Amaiera eta agurra.
- Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
13:00 - 14:00. "Hitz esana" poesia emanaldia.
- Mejillon Tigre kolektiboa: Eider Adeletx eta Ane Zubeldia (Eider Perez eta Ane Garcia).
