Eduki publikatzailea
Atzealdea Jakin Jardunaldia 2026: “Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak”
2026·05·27

Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izenburupean egingo dute Jakin Jardunaldia, Usurbilen, ekainaren 18an eta 19an. Jakin Jardunaldia UEUren udako ikastaroetako bat da: hamabigarren edizioa da, eta hamargarren urtez jarraian Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu dute. Ekainaren 16ra arte izango da izena emateko aukera, UEUren webgunean. Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Aitor Bengoetxea Alkorta UEU Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendariak eta Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kideak parte hartu dute.
Duela lau urte, Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren harira, UEUk erabaki zuen Udako Ikastaroak gogoetarako gune bihurtzea, eta horregatik antolatzen dituzte hainbat erakunderekin batera, Bengoetxearen esanetan. Udako Ikastaroak partekatzeko gune dira, nabarmendu duenez: “Izan ere, UEUk izaera herritarra dauka, eta parte-hartzea sustatzen saiatuko gara”. Hala, elkarlana ezinbestekoa da UEUrentzat, eta horren adibide da Jakin Jardunaldia ere, Bengoetxearen arabera. “Euskarak batzen gaitu hemen gauden erakundeak, eta euskararen adierazkortasuna izango dugu aztergai aurten: ziur emankorra izango dela”, nabarmendu du.
Solaberrieta pozarren azaldu da, Jakin Jardunaldiaren bidez Usurbil ezagutzaren, jakin-minaren eta kulturaren topaleku izango delako, beste behin ere. “Gisa honetako topaketak behar-beharrezkoak ditugu elkarrekin pentsatzen jartzen gaituztelako: herrigintzarako eta herri eraikuntzarako ezinbestekoa da”. Aurtengo gaiaren garrantzia nabarmendu du: “Garai likido eta ezegonkor, hegemonia-erauntsi eta diglosia-egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gutako bakoitzaren esanindarra handitzea, hizkera aberastea, hori ahoratzea, zabaltzea eta ondorengoei ematea; bestela, hiztun berriek ere laster ikusiko dute ez garela indartsu, eta nekez aseko ditu hizkera motel samar batek”. Joxan Artze poeta usurbildarraren esana gogoratu du Solaberrietak: “Halaxe zioen: ‘Axola dioten gauzetarako balio badio, erabiliko du hiztunak hizkuntza; balio ez badio, batera egingo dizkio kaixo eta adio’”.
Azurmendik azaldu duenez, Jakin Jardunaldi guztietan bezala, “galdera batzuk eta kezka sozial batzuk” izaten dituzte abiapuntu. “Kasu honetan, euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea”. Jakin-en iritziz, ezintasunen atzean normalizazio falta eta minorizazio historia daude, eta gaia lantzea proposatu dute euskara landu daitekeenaren kontzientziatik, dagoeneko lanketa hori egiteko irizpide, tresna, iturri eta esperientzia asko dauden ustetik. “Badakigu Euskal Herriaren luze zabalean eta kulturaren koadrante guztietan egoerak ez direla berdinak, baina uste dugu ortzi-muga euskaltzalea horixe dela, hizkuntza landu beharra, pertsonalki, eta, batez ere, sozialki”.
Lanketa horretan sor daitezkeen irizpide desberdinei eta korapiloei ere helduko diete jardunaldian. “Hizketagai hartuko ditugu, adibidez, nola uztartu hiztun ororen legitimitatea eta eredu adierazkorrak sustatzea; adierazkortasuna lantzeko irizpide desberdinak eta hizkuntza-ideologiak; noiz hitz egin minorizazioak eragindako galeraz, eta noiz hizkuntzaren bilakaeraz; nolako baldintzak, baliabideak eta egiturak dauzkagun, eta, batez ere, zeintzuk falta zaizkigun, non behar dugun jauzia esanindarraren auzian”.
EGITARAUA
Ekainak 18, osteguna
09:30 – 10:15. Hizkuntzari gorputza nola eman. Literatura eta ahozkotasuna.
- Miren Amuriza Plaza (Idazlea eta bertsolaria)
10:15 – 11:00. Zein da mariokerren mintzoa? Sexu-genero disidenteak berba bila.
- Amaia Alvarez Uria (Literatur ikertzailea eta irakaslea)
- June Fernandez Casete (Kazetaria)
11:30 – 12:15. Adierazpen askatasunerantz, adierazpen eskastasuna gaindituz.
- Kike Amonarriz Gorria (Soziolinguista, umoregilea eta telebista aurkezlea)
12:15 – 13:30. Mahai-ingurua: hizkuntz teknologiak euskara adierazkorra lantzeko tresna gisa.
- Naiara Perez Miguel (HiTZ zentroko eta Ixa taldeko ikerlaria, EHUn)
- Aitzol Astigarraga Pagoaga (Orai-Elhuyarreko kidea)
- Leire Lison Nicuesa (Badalabeko kidea)
15:15 – 17:30. ‘‘Esatearen ederra’’. Ahozkotasuna lantzeko esperientziatik zenbait gogoeta eta saio praktikoa.
- Julia Marin Arteaga (Itzultzailea eta ahozkotasunean aditua)
Ekainak 19, ostirala
09:30 – 10:30. Kulturen hizkerak, hizkeren kulturak: hautu linguistiko-ideologikoak kulturgintzan.
- Iratxe Retolaza Gutierrez (Literatur kritikaria eta ikertzailea)
10:30 – 11:45. Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna lantzeko ereduak eta bideak euskara idatzian.
- Garazi Arrula Ruiz (Idazlea, itzultzailea eta editorea)
- Gorka Bereziartua Mitxelena (Idazlea eta kazetaria)
- Danele Sarriugarte Mochales (Idazlea eta itzultzailea)
12:15 – 13:30. Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna ikus-entzunezko forma berrietan.
- Lander Arretxea Bereziartua (Hiru Damatxoko kidea eta Linbo-ko zuzendaria)
- Ana Sarria Muxika (BADA Ipar EHko gazte hedabideko kidea eta kazetaria)
- Martin Ziarrusta Sanz (Belarrijana podcasteko aurkezlea eta musikaria)
13:30 – 14:30. Jose Luis Otamendiren emanaldia.
