Eduki publikatzailea
Atzealdea Jai eta aisialdi guneetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloari buruzko saioa jaso dute eragileek
2026·05·18

Jai eta aisialdi guneetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloari buruzko formazio saioa jaso zuten, ostegunean, herriko hainbat eragilek. Protokolo hori jai eta aisialdiko antolatzaile guztiek ezagutzeko garrantzia tarteko, protokoloaren edukiak azaldu, iazkoaren balorazioa egin eta hobetzeko proposamenak landu zituzten Sortzen elkarteko Sheila Melconekin, herriko ospakizunak hasi aurretik.
Iaz eguneratu zen protokoloa, hain zuzen ere, Sortzenen gidaritzapean, indarkeria matxistaren aurrean jarduteko erakunde arteko protokoloa berritzearekin batera. Izan ere, jai eta aisialdi guneak, sarri, segurtasun gabeko inguruneak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ pertsonentzat, haien genero identitateagatik edota sexu orientazioagatik, bereziki, gauetan. Halako erasoen aurrean jarduteko modua hobetu eta erasoak prebenitzea da protokoloaren helburu nagusia, indarkeria matxistari modu kolektiboan eta koordinatuan erantzutearekin eta biktimei behar duten arreta babesa ematearekin batera.
Herriko hainbat eragilek parte hartu dute formazio saioan. Halaber, udalak, baliabideak eta euskarriak jartzeaz gainera, festa edo jaiegun bereziak antolatzeko eskaerak jasotzen dituenean protokoloa helaraziko die eskatzaileei, denek ezagutu eta aplikatu dezaten.
Protokoloak hainbat atal ditu: indarkeria mota desberdinen definizioa, prebentzioan eta sentsibilizazioan egin daitezkeen lanketak, esku hartzeko jarraibideak, nola esku hartu egoera bat edo beste denean, erantzun publikoa eta kasuak gertatzen direnerako baliabideak. Udalak eta eragileek ez ezik, herritarrek ere oinarrizko jarraibide batzuk ezagutzea ere beharrezkoa dela iritzita, kartelak egin dira, oinarrizko jarraibideekin: Eraso matxista baten lekuko bazara, ez epaitu, entzun, babestu leloa daramate, eta biktimak hala nahiko balu, laguntza eskatzeko baliabideen telefonoak ere karteletan adierazita daude.
Protokoloak berritasun bat izan zuen iaz: leku seguruak. Jai edo aisialdi guneetatik aparte, eta aldi berean eskura dauden lekuak izango dira, biktima seguru senti daitekeen guneak. Shock egoera gainditzen hasteko aukera ematen diote biktimari: gertatu zaiona kontatzeko modua emateko ezinbestekoa da. Herriko eta auzoetako festa bakoitzerako leku seguruak iazko berberak izango dira. Horietara sartzeko giltza atean egongo da, kutxa batean barruan, eta kutxa irekitzeko kodea txosnetan eskatu ahal izango da: biktimak artatzeko ezarritako lekuak izanik, arduraz erabiltzera deitu dituzte herritarrak.
