Eduki publikatzailea

Atzealdea Jabetza Eskolak zoru pelbikoa eta biodantza ikastaroak antolatu ditu

Irailaren 16tik 27ra bitartean izango da izen-ematea, Emakumeon Etxean, 943 37 71 12 telefonora deituta edo mezu elektroniko bat bidalita. Ikastaroak urrian hasiko dira.

2024·09·12


Usurbilgo Emakumeon Etxeak Jabetza Eskolako hurrengo hilabeteetarako ikastaroen berri eman du: zoru pelbikoa eta biodantza ikastaroak eskainiko ditu. Datorren astelehenean, irailaren 16an, irekiko da izena emateko epea, irailaren 27ra arte. Emakumeon Etxean bertan egin daiteke, aurrez aurre, 943 37 71 12 telefonora deituta edo emakumeonetxea@usurbil.eus helbidera idatzita.

Zoru pelbikoa

Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu: erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea. Ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu”.

Eneritz Gallastegik zuzendutako ikastaroa. Elebiduna.

Urriaren 3tik abenduaren 19ra bitartean (ostegunak) – 17:00etatik 19:00etara

Biodantza

Biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago, eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar”.

Eider Zuriarrainek zuzendutako ikastaroa. Euskaraz.

Urriaren 1etik urtarrilaren 28ra (astearteak) – 15:30etik 17:00etara.