Eduki publikatzailea
Atzealdea Jabekuntza eskoletako ikastaroetan izena emateko epea, irailaren 17tik 30era
2025·09·16

Emakumeon Etxeak urritik otsailera bitarteko programazioa prestatu du, eta eskuorria etxez etxe banatu da, gaur goizean. Ohi bezala, izaera desberdineko eskaintza osatu du: jabekuntza eskolako ikastaroak, Emakumeon Topaketa, tailerrak, kultur ekitaldiak eta aholkularitza zerbitzuak izango dira. Eskuorria banatzearekin batera, ikastaroetan izena emateko epea ere jakinarazi du: bihartik (irailak 17) irailaren 30era bitartean izango da izena emateko aukera, Emakumeon Etxean bertan, 943 37 71 12 telefonora deituta edo emakumeonetxea@usurbil.eus helbidera idatzita.
Aurrez eskaini izan direnez gain, ekimen berriak ere badakartza programazio berriak. Lehendik egin izan diren ikastaroen artean, lauhileko honetan ere eskainiko dira batukada feminista, biodantza ikastaroa, zoru pelbikoarena zein aholkularitza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa eta psikosoziala. Emakumeon Topaketa ere iragarri dute: urriaren 18an izango da, goizez, baina aurrerago emango da egitarauaren berri.
Berritasunen artean, jabekuntza eskolak twerk saioa eta hilekoari buruzko ikastaroa dakartza. Horrez gain, besteak beste, Nahia Alkortak Mi parto robado liburua aurkeztuko du, Irule Abokatuak taldeak hitzaldi bat eskainiko du familia eredu berri eta lege-marko zaharren inguruan eta Infinitudrama konpainiak Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lana aurkeztuko du.
Programazioa (PDF): hemen.
