Eduki publikatzailea

Izan zirelako gara

2021eko urriko Udalberrin argitaratutako zutabea, 1936ko gerran tropa faxistak Usurbilen sartu zirela gogoratzeko 85. urteurrenaren harira.

2021·10·08


Legealdiaren hasieran hurbildu ziren gugana Aitor Azurki, Aitzol Arroyo eta Ion Martin 1936ko gerrak Usurbil eta usurbildarrak nola kolpatu zituen ikertu, herritarrek pairatutakoa berreskuratu eta balioan jartzeko proiektua aurkeztera.

Arlo honetan euren eskarmentua oinarri, ez genuen dudarik egin. Izan ere, 36ko gerran gure herrian bertan gertatutakoa ezagutzea eta zabaltzea dagokigu, are eta gehiago herriko memoria historikoa berreskuratzea gure udal programan jasotako egitekoa zelako eta aurretik beste herritarrek hasitako ikerketak sakontzea ahalbidetzen zuelako.  

Historiari eta usurbildarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubide urraketei izen-abizenak jarri nahi dizkiegu. Ikerlan honen oinarrian herritarrak baitaude. Asko sufritu zutenak, eta, tamalez, ahaztuak egon direnak: Bautista Aginaga Otegi, Francisco Aizpurua Alkorta, Jose Maria Furundarena Begiristain, Jose Galarmendi Balerdi, Koxme Yaguez Beristain, Jose Heredero Pineda eta Ramona Zubiria Urrumendi fusilatuak; herritik ihesi joan behar izan zuten hamarnaka usurbildarrak, gerra fronteetan hildakoak; atxilotuak; zigortuak; torturatuak; erbesteratuak; zaurituak; konfiskatuak... Ezin hona ekarri memoriaren izen-abizen guztiak.
 
Gerrak sortutako isiltasunak ezin du ahanztura izan, ordea. Lurpean utzi nahi dutenen egia azalaraztea dagokigu. Haiei zor diegu. Paco Etxeberriari entzun nion behin biktimek memoriaren eskubidea badutela, eta guk, gizarteak, memoriaren obligazioa dugula. Ez ahazteko eta duintasuna itzultzeko betebeharra dugula.

Benetako bake eta normalizazio politikoko egoerarik ez du ezagutu Euskal Herriak, gutxienez, 1936ko altxamendu frankistaz geroztik. Eta udal honen konpromisoa bada hamarkada luze hauetan gure herrian izan diren giza eskubideen urraketa guztien azterlana egitea. Izan ere, etorkizuna oinarri sendoekin eraikitzeko, gure aitona-amonen memoria historikoa zein gertuko memoria berreskuratzea eta ezagutaraztea dagokigu. Sufritu dutenen mina aitortzeko. Erreparatzeko. Ezin dugu isiltasunik onartu.

Bihotz-bihotzez, esker mila proiektuan parte hartzen ari zareten herritarrei. Une zailenetan gure herriaren alde hartutako konpromisoa aitortu nahi dugu. Horri esker, gerora, orain eta etorkizunean ere, gure herriaren alde lan egiteko eta herriarekin konpromisoak hartzen dituzten herritarrak ditugulako. Izan zirelako gara, garelako izango dira.