Albisteak
Atzealdea

Irubideko hilobi komuna memoria-gune bihurtu dute

Oroigarria jarri dute 1936ko gerran hainbat lagun fusilatu eta lurperatu zituzten Irubiden, Fagor-Luzuriaga enpresaren eta Iberdrolaren zentralaren zelaigunean. Fusilatuen artean zeuden Jose Heredero usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi andoaindarra. Usurbil 1936 elkarteak deituta, horiek eta han fusilatutako guztiak hartu dituzte gogoan.

2022·09·19


Irubide, Fagor-Luzuriaga enpresaren eta Iberdrolaren zentralaren zelaigunean, memoria-gune bizia da dagoeneko. 2022ko irailaren 18an, fusilatze-leku eta hilobi komun izan zen lekuan oroigarria jarri eta lore eskaintza egin dute, tropa faxistak Usurbilen sartu zireneko 86. urteurrenean. Usurbil 1936 oroimen historikorako elkarteak deituta egin dute omenaldia: 36ko gerran hainbat lagun fusilatu eta lurperatu zituzten bertan, besteak beste, Jose Heredero usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi andoaindarra.

Hainbat herritarrek eta fusilatuen senideek parte hartu dute ekitaldian, Usurbilgo EH Bildu, EAJ eta PSE-EE taldeekin batera. Udalbatza osatzen duten alderdiek adierazpen bat irakurri dute.