Eduki publikatzailea
Atzealdea Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala onartu da, Usurbil “denona eta denontzat” izateko bokazioarekin
2026·01·30

IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala onartu da, hasieraz eta aho batez, urtarrileko osoko bilkuran, eta planaren edukiaren berri emateko prentsaurrekoa egin du udal-gobernuak, gaur. Iaz ekin zion udalak planaren idazketari, Projekta Urbes taldearekin, udal langile, ordezkari politiko zein herritarren ekarpenak jasoz. Osoko bilkuran hasieraz onartuta, GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurreko epean jarriko da, interesdunek ekarpenak aurkez ditzaten: halakorik ez bada, behin betiko onartuta geldituko da.
Usurbil herri zaintzailea izateko helburuarekin lanean aritu da udala, azken urteotan, hainbat herritar, eragile zein erakunderekin elkarlanean. “Zaintzaren erronkari dimentsio guztietatik heldu nahi diogu: horixe da Usurbilentzako dugun proiektu politikoa eta abian dugun udal-jardunaren zerumuga”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak. Haren esanetan, genero eta irisgarritasun ikuspegia “zeharkakotasun erradikal bihurtzea” eskatzen du horrek: “Hau da, zaintza udal politika guztietan txertatzea, herria egituratzeko eta kohesionatzeko elementu bilakatuz”. Norabide horretan osatu dute IUPIa ere: “Usurbil denona eta denontzat izango den herria izateko”.
IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren idazketa 2020an onartutako EIUE Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren barruan ulertzen da: estrategia horrek EAE-ko erakundeei eskatzen die, baita udalei ere, ingurune fisikoaren irisgarritasunaz haragoko neurriak har ditzatela. Udalak IUPI-a idazteko Eusko Jaurlaritzaren 12.750 euroko dirulaguntza jaso du.
Izan ere, fisikoaz gain, irisgarritasun unibertsalak barne hartzen du irisgarritasun kognitiboa ere, pertsona guztiek erraz ulertzeko, komunikatzeko eta elkarri eragiteko aukera izan dezaten: inguruneek, prozesuek, ondasunek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza da, baita tresnek eta gailuek ere, pertsona guztiek segurtasun- eta erosotasun-baldintzetan eta ahalik eta modu autonomoenean ulertu, baliatu eta erabili ahal izateko.
Azken urteetan, irisgarritasun planak egin dira, eta horietan “udalerri irisgarria” esparrua landu izan da: kaleak, eraikinak, garraioa eta komunikazioaren alorretan esku hartu da. IUPI-ekin, “udal irisgarria” esparrua ere landu beharko da: hau da, zerbitzu, prozesu eta arretaren alorretan ere esku hartuko da. Hau da, irisgarritasunaren irizpidea zeharkakoa izatea eragingo du horrek. “Aldaketa oso-oso garrantzitsua da: orain arte idatzi izan diren irisgarritasun planekin alderatuta, IUPIek udalen jardun osoa hartu behar baitute kontuan”, azaldu du Solaberrietak. Gaineratu duenez, plana ikuspegi intersekzionala txertatuz osatu da: “Izan ere, ikuspegi intersekzionalak aukera ematen du ulertzeko pertsona batek desgaitasun fisiko, sentsorial edo kognitibo bat izateaz gain, beste faktore batzuek ere bere eguneroko irisgarritasun-esperientzia baldintza dezaketela; maila sozioekonomikoari lotutakoek edo hizkuntzari dagozkionak, adibidez”.
Udalak Projekta Urbes taldea kontratatu zuen IUPIa idazteko. Udalerriaren eta biztanleriaren diagnostikoa osatzeaz gain, bi lan eremu jorratu dira. Bat, udal barruan: koordinaziorako taldea osatzeaz gainera, udal teknikariak elkarrizketatu dituzte Projekta Urbeseko kideek. Bigarrena, udaletik kanpo, herritarren ekarpenak jasotzeko: parte-hartze irekiko bi saioz gain, hainbat udal zerbitzutan parte hartzen duten adineko pertsonekin hirugarren saio bat egin zen.
Bost dokumentuk osatzen dute IUPIa: memoria; Udalerri Irisgarria jarduketa plana; Udal Irisgarria jarduketa plana; arauak, irizpideak eta gomendioak; eta parte hartzearen memoria. Horiez gain, lehentasunak ezarri eta zenbait neurri gauzatu ahal izateko lagungarriak izango diren eranskinak ere jaso ditu planak, besteak beste, aztertutako elementuen diagnostikoak, mapetan kokatuta, hobetzekoak direnak zer eta non adierazten dutenak.
Indarraldia eta edukia
Plana lau urterako diseinatua izan da, 2026-2029 eperako. Plan unibertsalaren sortzezko oinarrietako bat da neurri zehatzak eta egingarriak jaso behar dituela, eta, beraz, ez dela egiteko dagoen guztiaren zerrenda izan behar: zentzu horretan, plan “errealista eta gauzagarria” dela nabarmendu du udal-gobernuak, udalaren baliabideen neurrira doitua. Hala, jasotzen diren neurriak ere dimentsio desberdinekoak dira: inbertsio handiak eskatzen dituztenak zein xumeagoak. Horrez gain, 2030 urtetik aurrerako asmoak ere planean adierazi dira: hor sailkatutako jarduera batzuek lehentasun altua badute ere, aurrekontua altua dute, eta horregatik jaso dira multzo horretan. Dena den, aurrekonturik balego edo dirulaguntzarik lortuko balitz, jarduera horiek aurreratzeko aukera aurreikusten da.
Neurri bakoitzak bere fitxa du, hainbat informaziorekin: zein den neurria gauzatzearen helburua, zein egoeratan den gaur egun, zer egitea proposatzen den, noiz egitea aurreikusten den, zeintzuk diren proiektuaren udaleko arduradunak, zein aurrekontu duten (ahal izan den kasuetan), lizitazio bidez egin behar diren, eta jarduketa gauzatzeko irizpideak eta ebaluaziorako irizpideak zeintzuk diren.
Udalerri irisgarria
Udalerriko ingurune fisikoari dagokion atala da, eta aurreko Irisgarritasun Planek hartzen zituzten esparruak lantzen ditu. Lau ardatzen bueltan sailkatu dira atal horretako edukiak: hiri-ingurunea, garraioa, eraikin publikoak, espazio eta jarduera pribatuak. Guztira, 29 ekintza jaso dira.
Neurrietako batzuk:
- Santuenean, auzotarrekin osatutako Auzo Plana oinarri, urbanizatutako eremua berroneratzeko neurriak jaso dira, bi fasetan. Lehenengoan, eskubaloi pistaren eta haur parkearen ondoko errepidea kendu, espaloiak berritu eta errepidearekin plataforma bakarrean bateratuko da, irisgarritasun baldintzak hobetuz. Bigarrengoan, eskubaloi pistaren azpiko errepidea egokitzea proposatzen da, ibaialderantz oinezko ibilbidea sortu, trafikoa moteldu eta aparkaleku kopurua handitzeko, besteak beste.
- Etxealdian, berdegunea etxebizitzetara hurbilduz eta aparkalekuak berrantolatuz, oinezkoentzako segurtasun eta irisgarritasun baldintzak hobetuko dira, San Esteban kalean egokitu berria den zatiaren jarraian.
- Udaletxearen eta Barrenkaleren arteko lotura zein anbulatoriorako sarbidea hobetzeko, oinezkoen ibilbide eta sarbideak hobetzeko neurriak proposatu dira.
- Ibilbide aldapatsuetan zenbait neurri aringarri hartzea proposatzen da, bakoitzerako egokienak zehaztuz, ibilbidean zehar atsedenguneak egokituz eta eskubandak jarriz, besteak beste. Lehentasunezkotzat jo direnak San Inazio, Alperro Buru eta Belmonte kaleetakoak izan dira.
- Eskailera eta arrapalen egoera aztertu da, eta behar dituzten esku-hartzeak zehaztu, urtez urte horiek hobetzen joateko proposamena eginez.
- Zebrabideak egokitu eta berriak egitea ere jaso da. Egungo zebrabideak aztertu dira, eta mapa batean jaso, bakoitzaren egoera eta hobetzeko neurriak zehaztuz.
- Hondakinen bilketari lotuta, irizpide orokor batzuk jaso dira, batik bat, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko hondakinak uzteko esekitokien inguruan.
Neurri gehiago ere badira, besteak beste, kiroldegi aurreko espazioa edo Txikierdi auzoan oinezkoen ibilbidea egokitzeko, hiri-altzari irisgarriagoak jartzeko, egokitutako aparkalekuen zein hilerriko irisgarritasuna hobetzeko, eta hirugarrenei dirulaguntzak emateko irisgarritasun baldintzak hobetzen laguntzeko.
Udal irisgarria
Udalaren jardunari lotutako atala da. Lehengo Irisgarritasun Planek ia landu ere egiten ez zituzten esparruak jasotzen dira bertan. Zentzu horretan, udalean — euskal erakunde gehienetan bezala — ezagutza eta esperientzia mugatua denez, alderdi hori lantzea izan da idazketa prozesuan erronkarik nabarmenena.
Sei ardatzen bueltan antolatu dira udal irisgarriari lotutako neurriak: formakuntza eta kontzientziazioa; informazioa, komunikazioa eta gobernantza eredua; arreta eta izapideak; aisialdia, ongizatea eta garapena; arau-esparrua; eta IUPIaren kudeaketa eta komunikazioa.
17 jarduketa edo ekintza jasotzen dira.
Neurrietako batzuk:
- Udal langileei formazioa eskaintzea da neurri garrantzitsuenetako bat. Horri esker, irisgarritasunaren inguruko begirada integral eta konpartitua osatzea espero da, langileen beren eguneroko jardunean txertatzeko tresnak izan ditzaten.
- Festak eta ikuskizun jendetsuak irisgarriagoak eta inklusiboagoak egiteko konpromisoa jaso da planean, neurriak urtez urte aplikatuz pixkanaka hobetzen joateko helburuarekin.
Bestelako neurriak ere jaso dira atal honetan, besteak beste, seinaleztapen irisgarria diseinatzea, eraikin publikoetako sarbideetan errotulazioa jartzea, udalak herritarrei arreta irisgarriagoa emateko irizpideak, ordenantzetan irisgarritasun irizpideak txertatzea eta larrialdi planak eta ebakuazioko protokoloak irisgarritasun irizpideak txertatuz berrikustea.
Oposizioaren adostasunarekin
Dokumentuaren onarpenaren alde bozatu zuten EAJk eta PSE-EEk. EAJk zenbait ekarpen egin dizkio planari, eta gehienei bide eman die udal-gobernuak. Planaren garrantzia kontuan izanda, alderdi guztien adostasuna nabarmendu dute, osoko bilkuran.
