Eduki publikatzailea

Irekieraren aurrean, erantzunkidetasunaren aldeko deia egin dute udalak eta herriko ostalariek eta merkatariek

Tabernetako terrazez eta jatetxeez arduraz gozatzeko eta babesteko planteamendua landu dute elkarrekin. Azken hilabetean ixtera behartuak izan direnentzako dirulaguntza berri bat ari da lantzen udala, lokal bakoitzeko 1.000 eurora artekoa. Hasiera “gazi-gozoa” nabarmendu dute tabernariek eta ostalariek, baita lanean jarraitu eta aurrera egiteko konpromisoa ere.

2020·12·14


Terrazen eta jatetxeen irekieraren harira, Usurbilgo Udalak eta herriko ostalari eta tabernariek prentsaurrekoa eman dute, gaur, Mikel Laboa plazan, herritar, merkatari eta instituzio guztien erantzunkidetasunaren garrantzia nabarmentzeko. Elkarlana etengabekoa izan da, eta horren emaitzak azaldu dituzte gaur. Batetik, tabernetako terrazez eta jatetxeez arduraz gozatzeko eta babesteko planteamendua landu dute elkarrekin, eta Gozatu geurean, arduraz kartelak banatuko dizkie udalak. Bestetik, azken hilabetean ixtera behartuak izan direnentzako lantzen ari den dirulaguntza berri baten berri eman du udalak: lokal bakoitzak 1.000 eurora artekoa jaso ahal izango du.

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko sortu zituen udalak Gertuago erosketa bonuak, lehenengo itxialdiaren ostean, horrek ekar zitzakeen ondorioekin kezkatuta. Gertuagoren irudiarekin lagunduta egin dute gaur ere agerraldia, hain zuzen ere, kanpaina horren helburuak bizi-bizirik jarraitzen baitu, baita gertu hitzaren bi adierek ere: herritar, merkatari eta instituzioak elkarrengandik gertu egotearen garrantzia azpimarratu eta Covid19aren ondorioei elkarrekin aurre egiteko prest egoteko.

Izan ere, osasun krisiari eta horrek ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko modu bakarra kolektiboki egitea dela nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Gertu behar gaituzte. Arduratsu. Izan ere, osasun krisiari aurre egiteko modu bakarra kolektiboki egitea da. Herritar, merkatari eta instituzio, guztiok elkarrekin egin behar diogu aurre. Elkarrengandik gertu egoteko garaia da; ez dezala geure aisialdiak haien bizibidea ito. Horregatik, dei egin nahi diegu herritarrei ere: joka dezagun arduraz, eta goza dezagun gure tabernetan eta jatetxeetan. Zaindu dezagun elkar: manten ditzagun distantziak, eskuak desinfektatu, mahaien desinfekzioa egin arte itxaron, eta, batez ere, errespeta ditzagun gure lokaletako langileen esanak. Eginahalak egiten dituzte ahalik eta zerbitzurik onena emateko, osasun neurriak bermatzeko: eurak gertu daude, eta gertu behar gaituzte”. Horregatik, taberna eta jatetxeetan jarriko dituzten karteletan halaxe irakur daiteke: “Gertu behar zaituztegu!”.

Solaberrietak egoeraren larritasuna gogoratu du. “Alarma egoera betean gaude, eta ezin dugu ahaztu orain dela gutxira arte transmisio altuko herria izan dela gurea: kezkatuta gaude, azaroan asteak eman baikenituen eremu gorrian. Orain hortik kanpo bagaude ere, atzera itzultzeko muga ez dago hain urruti, eta, beraz, ezin dugu erlaxatu”. Hala, babes neurriak hartzen jarraitzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta, aldi berean, baita neurri horiek gehien eragingo dieten kolektiboei begirakoak ere. “Horien artean zaudete zuek, herriko ostalari eta tabernariak. Badakigu garai latza izaten ari dela zuentzat, eta horregatik saiatu gara, hasieratik, herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzen, sustatzen. Ukaezina da tokiko merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek herriari ematen dioten bizitasuna: ixteko aginduek ederki erakutsi digute hori. Pertsianak jaitsita, hilik ikusi dugu herria, eta ez dugu halakorik nahi. Usurbil bizirik nahi dugu, eta horren alde ari gara lanean”. Haien aldarri, kezka eta laguntza eskaera entzun ditu udalak, eta jaitsitako pertsiana bakoitzaren atzean herriko hainbat familiaren bizibidea dagoela ohartarazi du: “Segi dezagun elkar zaintzen, hori izango baita elkarrengandik gertu egoten jarraitzeko modu bakarra”.

Ostalariek eta tabernariek irekiera “gazi-gozoa” izan dela nabarmendu dute, irekitzeko aukera izan duten arren, jarduna mugatua baitute, baina, hala ere, lanean jarraitzeko eta aurrera egiteko borondatea erakutsi dute: “Taberna bakoitzak bere arazoak ditu, baina ezin dugu erlaxatu, eta aurrera egin behar dugu. Ahal dugun guztia egin behar dugu, eta hala egiten dugu, neurriak errespetatuz eta garbitasuna bermatuz: lanean jarraitu behar dugu, eta horixe da gure asmoa. Ea ahalik eta lasterren iristen garen normaltasun batera, bestela, ezinezkoa izango dugu lanean jarraitzea”.