Eduki publikatzailea
Atzealdea Irail hasieran erosketa bonu gehiago aterako ditu udalak
2020·07·29
Konfinamenduagatik ixtera behartuta egon ziren saltokiei laguntzeko sortu zituen udalak Gertuago erosketa bonuak: izandako arrakasta ikusita, bonuen bigarren sorta bat ateratzea erabaki du, saltoki gehiagorekin. Lehenengo aldian bezala, udalak bere gain hartuko du herritarrek izango duten %20ko deskontua. Irailean aterako dituzte bonu berriak, elikagaien dendak eta tabernak ere bonuen sistemaren barruan sartuta: guztira, lehengo 30ez gain, beste 25 saltoki izango dira.
Erosketa bonuek oso harrera ona izan dute herritarren aldetik: martxan jarri eta lau egunetan saldu ziren jarritako bonuen erdiak, ia 30.000 euro. Funtzionamendua lehengo bera izango da: edozein bonu mota erosita ere, %20ko deskontua jasoko dute herritarrek. Saltoki bakoitzak erabakiko du zenbateko bonuak jarri herritarren eskura, eta erosleek egingo duten erosketaren araberako bonua aukeratu ahal izango dute. Tabernen kasuan, 5 eurokoak izango dira eskainiko diren bonuak: inprimatuta eramateko eskatuko dute, lana errazteko.
Bonuak eskuratu ahal izateko beharrezkoa da gertuago.eus webgunean erregistratzea. Hori egindakoan, gustuko saltokia bilatu, eta eskaintzen dituen bonuen artean aukeratzea baino ez da egin behar. Erositakoan, mezu elektroniko bidez jasotzen dituzte bonuak erabiltzaileek.