Eduki publikatzailea
2020·02·12
2009an martxan atez ateko sistema jarri zenetik, herrian bildutako hondakin guztien txostena egin ohi du Usurbilgo Udalak urtero, aurreko urteko datuen berri emateko. 2019ko emaitzen txostena eskuragai da dagoeneko, eta hor dago datua: inoiz jaso den errefus kopururik txikiena jaso da 2019an; 430 tona, alegia.
Txosten horretan, Usurbilgo bilketari dagozkion hainbat datu ematen dira: hiri hondakinen kopuruaren garapena gaika, gaikako bilketaren garapena San Markoko eta Gipuzkoako datuekin batera, errefusaren garapena eta balantze ekonomikoaren garapena.
Errefus kopuruaren datuaz gain, bada nabarmentzeko beste bat ere: gaikako bilketak beste koska bat gora egin du 2019an, eta %86an gelditu da. Atez atekoa jarri aurreko urtean, 2008an, bildutako hondakinen %30 soilik jasotzen zituen Usurbilek gaika; 2009an, %71ra igo zen ehuneko hori, eta urtez urte igotzen joan da ehuneko hori, pixkanaka. Hala, 2019koa da daturik altuena.