Eduki publikatzailea

Atzealdea Inoiz baino gertuago

2020ko ekaineko Udalberrin argitaratutako zutabea, herria berraktibatzeko neurriez.

2020·06·30


Alarma egoera amaitutzat eman badute ere, aurtengo uda oso berezia izango da. Egoera hobetuz doa, urak baretzen, baina ezin dugu erabat lasai egon. Izugarria izan da gaitzaren erasana, ezen ezin dugula lehenera bueltatu edota ahotik ahora darabilkigun normaltasun berrira pasatu, inolako irakaspenik atera gabe. Horretan saiatzen ari gara udalean. Kalean bizitza kimuak nabarmenak badira ere, Usurbil berrasmatzea, biziberritzea, biziagarriago egitea dagokigu. Orain, inoiz baino gehiago.

 

Covid19-aren kalteak (ekonomikoak, sozialak, kulturalak, emozionalak) handiak izan dira. Biharko egunak zer ekarriko digun ez dakigu. Ziurgabetasuna da nagusi bizitzaren/gizartearen esparru ugaritan, eta zer esanik ez, esparru ekonomikoan. Horregatik, herria suspertzeko, berraktibatzeko, plana osatzen ari gara. Eremuz eremuko egitasmoak martxan jartzen, elkarlana oinarri, komunitatearen ehunak josten. Tokikoa, gertukoa, babestuz. Zainduz. Sustatuz. Bai arlo ekonomikoan, bai arlo sozialean, bai kulturalean. Izan ere, herriari bizitza ematea dagokigu orain, inor atzean utzi gabe. Inoiz baino beharrezkoagoa da herria egiten jarraitzea, elkar zaintzen jarraitzeko. Gertukoa, inoiz baino gertuago sentiarazi dezazuen helburu. Hain zuzen, xede horrekin honako egitasmo hauek jarri edo jarriko ditugu martxan hurrengo asteetan:

  • Gertuago kanpaina indartzea, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorra sustatzeko. Harrera bikaina izan du egitasmoak. Horren lekuko da honako datu hau: salgai jarritako erosketa-bonuak agortzear daude. Hala, uztailean kanpainaren bigarren faseari ekingo diogu eta erosketa-bono gehiago jarriko ditugu salgai. Aldi honetan, gainera, konfinamenduan irekita izan diren zein bestelako establezimenduei ere parte hartzeko gonbita luzatuko diegu.
  • Kulturbira, Usurbilgo kaleak kulturaz betetzeko egitasmoa, Usurbilgo jai ba-tzorde ezberdinen eta kultur eragileen elkarlanari esker: usurbilkultura.eus webgunean dago ikusgai. Osasun eta segurtasun neurri zorrotzekin osatutako protokoloa oinarri, kultur eskaintza zabala, adin guztietara bideratutakoa eta deszentralizatua osatu da. Kulturaz gozatuz, Usurbil bizitzeko.
  • 4 hilabeterako turismorako ekintza-plana, Harria Hitz proiektuaren bidetik.
  • Zaintza eta haurraren beharrak erdigunean jarriz, kontziliazioa errazteko eta haurrei lagunarteaz eta aisialdiaz goza dezaten ahalbidetzeko, beste bi neurri: Udajolas antolatzea eta uztailean haur eskola zabaltzea. Neurriok ez lirateke posible izango, Noaua eta Udajolaseko begiraleen ahaleginagatik ez balitz, eta Udarregi Ikastola eta haur eskolako langileen prestutasun eta konpromisorik gabe.
  • Kirola eta ariketa fisikoa sustatzeko udako kanpaina.
  • Udal zerbitzu eta azpiegitura publikoak apurka-apurka zabaltzea.

Ez dira gutxi esku artean ditugun erronkak. Herri-erronkak. Elkarlanak eta elkar-zaintzak, ordea, dena egiten du posible. Usurbil inoiz baino gertuago dugu.