Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingemarreko langileek eta Usurbilgo udalak esker hitzak eskaini dizkiote batak besteari

Lan-ikuskaritzak langileei arrazoia eman ostean, enpresa kudeatzaileek langileen hainbat baldintza onartu dituzte.

2017·10·10


ngemarreko langileek irtenbide “duina” borrokatu eta enpresa Usurbilen jarraitzea lortu ostean, Usurbilgo udalak eta Ingemarreko langileen ordezkariek agerraldia eskaini dute egoeraren berri eman eta bien artean izan duten harremanaren berri emateko.

“Akordio hau lortu badugu, langileon, Usurbilgo udalaren eta usurbildarren presioari esker izan da. Ez da guk desio genuen akordioa izan langileen erdia kalera doalako, baina esan dezakegu akordio duin bat lortu dugula, eta horrek ahalbidetuko digula lanean jarraitzea. Duela hilabete batzuk genituen aurreikuspenak hobetu dira, eta hori ez da gutxi”, adierazi dute enpresa batzordeko ordezkariek.

Izan ere, “denbora askoren ondoren”, uztailaren 28an akordioa sinatu zuten, eta adostasun hori epaile batek auto bidez berretsi zuen. Horren garrantzia nabarmendu dute langileek. 2002. urtean hasi zen gatazka horrek hainbat fase ezberdin bizi izan ditu, 2006an hasi zuten lehen greba “indartsua”, esaterako. Uztaileko akordioarekin, berriz, bertan behera utzi zuten sei hilabetez iraun duen azken greba. Akordio horri esker, 36 langile kaleratu eta 35 mantenduko dira, zituzten aurreikuspenak hobetuz. Kaleratutako langileei, berriz, adinaren araberako indemnizazioak eskaini dizkiete. Azken akordio proposamena “gehiengo handi batez” onartu zuen langileen asanbladak.

Negoziaketen emaitzak

Xabier Arregi Usurbilgo alkatearen iritziz, “langileek batasunetik ondo kudeatzen jakin duten gatazka luze zein mingarria izan da hau, eta hori oso goraipatzekoa da. Guretzat ere garrantzitsua da enpresa hori herrian geratzea, eta genituen aurreikuspenak ikusita, garaipentzat hartu dezakegu, langileen erdiak lanean jarraituko duelako baldintza duin batzuetan”.

Lan-ikuskaritzak langileei arrazoia eman ostean, enpresa kudeatzaileek langileen hainbat baldintza onartu dituzte. Esaterako, zuzendaritzak beraiek aukeratutako 28 langile mantentzea eskaini zuen, eta negoziaketen ondorioz, kopuru hori 35 igo eta langileek aukeratu ahal izan zuten kanporatuen zerrenda.

Usurbilenganako esker hitzak

Etorkizunera begira, jakitun dira udaberrira arte lan-karga baxua izango dutela, baina ez dira etsitzen. Gainera, enpresa zuzendaritzak langile ohien lan-poltsa sortu du, egunen baten, lan-karga handitzen bada, poltsa horretatik aukeratu ahal izateko. Horrez gain, oraindik heldu ez diren makina berri bi erosi ditu enpresak.

Bukatzeko, langileen ordezkariek bizi izandako gorabeheratan jasotako babesa nabarmendu nahi izan dute: “Sindikatuen siglen gainetik, langileon batasuna izan da gure erramintarik baliotsuena. Gainera, inguruan izan dugun babesa eta laguntza ezinbestekoa izan da guzti hau aurrera ateratzeko”.