Eduki publikatzailea

Atzealdea Indarrean dago Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra

Gipuzkoako Aldundiak behin betiko onarpena eman dio Plan Orokorrari: 2004-2013 bitartean onartutako arau subsidiarioak ordezkatu ditu, eta herritarren parte hartzean eta adostasunean oinarritutako dokumentua izatea nabarmendu du udal-gobernuak.

2026·10·23


Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra indarrean da. Gipuzkoako Foru Aldundiari zegokion Plan Orokorra behin betiko onartzea, Usurbil 7.000 biztanlez azpiko udalerria delako: ostiralean, urriaren 16an, argitaratu zuen behin betiko onarpena GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 2014an ekin zion udalak plangintza orokorra berrikusteko prozesuari, 2004 eta 2013 bitartean onartutako arau subsidiarioak ordezkatzeko asmoz. Dokumentu berria udalaren webgunean kontsultatu daiteke, HAPOari eskainitako orrialdean.

HAPOa hirigintza-plan bat da. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. HAPOaren indarraldia, dokumentu juridikoa den aldetik, mugagabea den arren, dokumentuan jasotako hirigintza proposamenak 15 urteko aldiari erantzuten dio. Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, herriaren beharren araberako programazioa aurreikusi da Plan Orokorrean: “Jarduketa programa Usurbil modu orekatuan eta ordenatuan hazi eta garatzeko ezinbesteko tresna da”.

Plan Orokorrak herri eredu propioa sustatzen du, udal-gobernuaren esanetan. “HAPOak tresna izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa, eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izanik, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena helburu”, nabarmendu du Iratxe Begiristain Otegi Hirigintza eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak. “Dokumentu berriak zalantzan jartzen du egungo hiri-eredua, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du”, gehitu du.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen ustez, HAPOa nola idatzi den kontuan izatea garrantzitsua da. Izan ere, haren esanetan, usurbildarren parte-hartzea eta adostasuna bilatu dira, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea ezinbestekotzat jo baita eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko. Horren lekuko dira azken urteetan egin diren parte-hartze prozesuak eta lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua egiteko ETS Eusko Trenbide Sarearekin zein Matiarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin, hurrenez hurren.

Plan Orokorrak etxebizitza eredu desberdinak sustatzen ditu, usurbildarren beharrei erantzuteko asmoz. Herriaren garapena mugatzearekin batera, arau subsidiarioetan antolatutako etxebizitza berrien kopurua % 15 inguru jaitsi da. Plan orokorrak, guztira, 715 etxebizitza berri eraikitzeko aukera jasotzen du: % 10,63 Aginagan, % 1,40 Txokoalden, % 8,81 Zubietan eta % 79,16 herrigunean. Etxe berrien artean, gainera, babestutako etxebizitzen kopurua nabarmen igo da. Hala, antolatutako etxebizitzen % 62 merkatuz kanpoko etxebizitza babestuak izango dira: % 48 babes ofizialeko etxebizitzak eta % 14 etxebizitza tasatuak.

Horrekin batera, etxebizitzei lotutako bestelako neurri gehiago ere jaso dira Plan Orokorrean. Besteak beste, babestutako etxebizitzetan herritarrek lehentasuna izatea bilatuko da; udalak eskuratzen dituen etxebizitzak, orain arte bezala, alokairura bideratuko dira; kale biziak helburu, eraikinen beheko oinen tratamendua zaindu da, kalearekiko harremana aintzat hartuz; eraikinetan erabilera komunitarioa izango duten enkontrurako espazioak izango dira; etxebizitzen inguruan kalitatezko espazio publikoak sortu dira, eta segregazioetatik eratorriko diren etxebizitza berriek prezio tasatuak izango dituzte.

Plan Orokorrak bestelako gaiak ere lantzen ditu:

  • Ingurumenari lotuta, lurraldearen zaintza eta haren balioak babestu eta sozialki eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarria den antolamendua bultzatzen du. Esaterako, hiri garapena mugatzen du, hainbat lurzoru desklasifikatu eta lur ez-urbanizagarri bezala jaso dira; guztira, 18 ha gutxitu da. Lur horietatik asko, hain zuzen, balio agrologiko altukoak dira, eta nekazaritza erabileretarako babesten dira, bestelako erabilerak mugatuz edo debekatuz. Babeserako basoa eta babes bereziko guneak izendatu dira, baita herriko ura eta ondare historiko-artistiko eta kulturaleko elementuak babestu ere. Horrekin batera, Plan Orokorrak, ahal denetan, bere lur-inguruak ibaiari bueltatzea proposatzen du, esaterako, Zubietan, Zingirategin eta Zumartegin. Energia kontsumoa murriztu eta eraginkortasuna hobetzeko eta hondakinak murriztu eta berrerabilpena sustatzeko erabakiak ere jaso dira.
  • Mugikortasunari dagokionez, oinezko eta bizikleta bidezko joan-etorriak indartzeko lotura berriak sortu dira, irisgarritasuna hobetzeko hiri igogailuak sartu dira eta herrigunean oinezkoei lehentasuna emateko aparkalekuak aurreikusi dira kanpoaldean. Garraio publikoa indartu eta N634 errepidean segurtasuna handitzeko hainbat esku-hartze proposatu dira.
  • Jarduera ekonomikoari dagokionez, jada okupatuta dauden industria eremuak berrantolatu eta berreskuratzea lehenesten da, jarduera berriak erakartzeko ahalik eta lurzoru berri gutxien okupatuz. Halaber, herriko merkataritzari balioa emateko, ez da merkataritza gune handirik garatzeko aukerarik ematen, ezta jada badagoena handitzeko aukerarik eman ere.
  • Zaintza modu integralean ulertuta, herrikideak eta komunitatea zaintzeko espazioei garrantzi handia ematen zaie: ekipamendu komunitarioen eta espazio publiko eta berdeguneen sarea indartzen da, herrigunean zein auzoetan.
  • Arreta berezia jarri da auzo-herrietan eta bakoitzaren ezaugarri, behar eta errealitate propioan. Hiru lurralde eremu osatu dira, eta eremu bakoitzerako proposamen integralak landu dira.

HAPOaren onespen prozesua

2014ko maiatzean ekin zion udalak plangintza orokorra berrikusteko prozesuari, 2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioak ordezkatzeko asmoz. Ordutik, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira, baita hainbat parte-hartze prozesu gauzatu ere, HAPOan txertatu direnak. 2022ko urrian eman zion udalbatzak hasierako onarpena dokumentuari. Ondoren, jendaurrean jarri zen, interesdunek alegazioak jartzeko aukera izan zezaten. Osorik zein partzialki onartutakoak HAPOan txertatu ziren, beste administrazioetatik jasotako txosten sektorialekin batera: dokumentu hori behin-behinean onartu zuen udalbatzak, 2025eko urtarrilean, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordera bidali zen, hark onar zezan. Aldeko txostena eman zuen horrek ere: ezarritako baldintzak dokumentuan txertatuta udalak behin betiko onarpena eman ziezaiokeela adierazi zuen. Azken dokumentu hori da, hain zuzen, udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran onartu zuena eta Foru Aldundira igorri zena, behin betiko onar zezan.

Eskaera hori Zubietako ZU.03 Errota eremuaren onarpena etenda utzita egin zen. Izan ere, dokumentuak udalaz gaindiko administrazio guztien aldeko txostenak lortu zituen, eremu horretan salbu: URA Ur Agentziak Errota eremuan aldaketa batzuk egin eta azterketa hidraulikoa berriro egiteko eskatu zuen. Hori egindakoan, URAri eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari bidali behar zaie berriz, aldeko txostena eman dezaten. Eremu horren onarpenak bere denbora beharko duenez, dokumentua behin betiko onartzeko tramitea egitea erabaki zen, Errota eremua etenda utzita: aldeko txostenak iristen direnean osoko bilkurara eramango da, hori ere behin betiko onartua izateko.