Albisteak
Atzealdea

Indarkeria sexistarik gabeko gune bat izango da Sagardo Egunean

Emagin elkarteak postu bat jarriko du, udalaren eskariz, indarkeria sexistaren inguruan kontzientzia hartzea bultzatzeko: Mikel Laboa plazaren goiko aldean jarriko dute.

2022·05·13


Emagin elkarteak indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Sagardo Egunean, udalaren eskariz: Mikel Laboa plazaren goiko aldean jarriko dute, 18:00etatik 23:00etara. Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen.

Jai giroan indarkeria sexistaren gaia ikusarazteaz eta kontzientzia hartzea bultzatzeaz harago doa Emaginek eskainitako zerbitzua. Babes eta elkartasun gunea izango da, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentziazko leku izateko bokazioarekin. Guneak, horrez gain, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasorik balego erantzuna izango duela ohartaraztea ere badu helburu. Emakumeen ahalduntzeari begira, euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarrita plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea ere landuko dute.

Horretarako, era askotako materiala eskainiko dute indarkeria sexistarik gabeko gunean. Emagineko kideek nabarmendu dutenez, gunearen publiko hartzailea 12 urtetik gorakoa da: bertako materiala eta zerbitzua adin horretatik goragoko pertsonei dago zuzendua.