Eduki publikatzailea

Atzealdea Indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileei aurre egitera deitu dute, Azaroaren 25eko adierazpenaren bidez

Aho batez onartu dute Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren inguruko adierazpena, urriko osoko bilkuran.

2024·11·04


Indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan jarri dute arreta, aurten, Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren inguruko adierazpenean: aho batez onartu dute, urriko osoko bilkuran. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzioaz ohartarazi dute: “Emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez”. Azaroaren 25aren harira antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne.

Adierazpenean ohartarazten denez, egungo “joera neomatxista” hazten ari da, “bereziki, mutil eta gizon gazte eta adin ertainekoetan, eremu digitalean”. “Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, ‘indarkeriak ez duela generorik’, ‘asmakizun ideologikoa’ dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak”. Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egiturazko arazo bat dela gogorarazi dute, eta negazionismoa arazo globala dela: “Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko”.

Adierazpena onartuta, Usurbilgo Udalak zenbait konpromiso hartzea erabaki dute:

  • Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz: partaidetza-mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak, komunikazio bateratuak, erantzun publiko eta kolektiboko protokoloak...

  • Gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.

  • Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.

  • Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola-curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko.

  • Berdinsarea-tik eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duen apustua berresteko.

Adierazpena PDFan deskargatu.