Eduki publikatzailea
Atzealdea Indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko erakunde arteko protokoloa onartu dute, aho batez
2025·06·27

Usurbilen indarkeria matxistaren biktimei arreta, koordinazioa eta erreparazioa emateko II. Tokiko Protokoloa onartu dute, aho batez, ekaineko osoko bilkuran. Udazkenean ekin zion udalak Ertzaintzarekin, Osakidetzarekin eta Antiguoko buru osasuneko zentroarekin protokoloaren lanketari, Sortzen aholkularitzaren laguntzarekin. Udalbatzak onartuta, alkateari guztien arteko dokumentua sinatzeko ahalmena eman zaio; beste erakundeek jada onartua dute dokumentua. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak iragarri duenez, uztailaren 10ean elkartuko dira lau erakundeetako ordezkariak protokoloa sinatzeko.
Informazio trukerako saio baten ostean, beste lau hausnarketa saio egin dituzte, Solaberrietak azaldu duenez. Lehenengoan, indarkeria matxistaren arloko legedian izandako aldaketak landu dituzten. Bigarrengoan, indarkeria matxistaren biktima diren ama eta seme-alabez jardun zuten. Hirugarrengoan erreparazioaz jardun zuten; gai hori da, Solaberrietak nabarmendu duenez, protokolo honek dakarren berritasunik nagusiena. Azkenik, erakundeek indarkeria matxistaren aurrean eman beharreko erantzun publikoaz jardun ziren; kasu horretan, udalbatza osoak parte hartu zuen. Saiootan, gainera, herriko beste eragile batzuek ere parte hartu dute: hezkuntza komunitateak, mugimendu feministak, Gaztelekuak eta Ludotekak, besteak beste.
Solaberrietak gogoratu duenez, udala eta Usurbilgo herria ez da hutsetik abiatzen indarkeria matxistaren aurkako borrokan, aspalditik ari baitira prebentzio neurriak hartzen. “Baina ibilbide luzea egin izanagatik ere, ez da nahikoa: albisteak ikusi besterik ez dago indarkeria honek nola kolpatzen gaituen ikusteko”, ohartarazi du.
Protokoloa sinatzen duten erakundeek hartutako konpromisoez gain, denen artean adostutako zortzi akordio nabarmendu ditu alkateak. Besteak beste, protokoloko prozedurak koordinazio mahaiaren bidez eguneratzea, etengabeko prestakuntza bultzatzea eta arretaren eguneratzeari eustea biziraun duten biktimekin esku hartzean eragin zuzena duten lege aldaketei dagokienez, edo esku hartzea etengabe hobetzearen eta indarkeria matxistaren biktimaren kontzeptua zabaltzearen alde egitea.
EAJk, bere aldetik, erakunde ezberdinen onarpena izateari eta elkarlanean osatu izanari balioa eman dio.
