Eduki publikatzailea
Ikastaroak, zerbitzuak, kultur ekitaldiak eta Zaintza ekimenen zikloa egingo dituzte Emakumeon Etxean, urtarrilera bitartean
2024·09·25
Emakumeon Etxeak urritik urtarrilera bitarteko egitarauaren berri eman du. Ohiko ikastaro, zerbitzu eta kultur ekitaldiez gain, Zaintza ekimenen zikloa antolatu da, hainbat gai mahai gaineratzeko helburuarekin: zaintza lanen garrantzia eta ikusezintasuna, migrazioa, hezkuntza eta amatasuna, besteak beste. Horien guztiaren berri emateko eskuorria osatu da, eta etxez etxe banatuko da, gaur bertan.
Egitarauko edukia bi multzotan sailka daiteke. Batean, Emakumeon Etxean ohikoak diren jabetza eskolako ikastaroen, kultur ekitaldien eta zerbitzuen berri ematen da. Bestean, Zaintza ekimenen zikloko ekitaldiak, zaintzari lotutako hainbat gairi ikusgarritasuna eman eta horien inguruan hausnartzeko. Urriaren 5eko Emakumeon Topaketaren inguruko informazioa ere bertan jaso da.
Jabetza eskolako ikastaroetan izena emateko epea ostiralean amaituko da: zoru pelbikoa eta biodantza ikastaroak eskainiko dira, urtarrilera bitartean. Horrez gain, hilero kultur ekitaldi bat izango da. Urriaren 14an, June Fernandezek argitaratu berri duen Aingeruak eta neskameak (haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak) liburua aurkeztuko du. Azaroaren 26an, Bakarrik Bai da Bai Legearen inguruko hitzaldia eskainiko du Irule abokatuak taldeak. Urtarrilaren 18an, berriz, Mejillon Tigre kolektiboak Hitz esana poesia-emanaldia egingo du. Emakumeon Etxean eskaintzen diren sexu aholkularitza zerbitzuaren eta aholkularitza juridiko eta psikosozialaren informazioa eta daten berri ere eman dute eskuorrian.
Zaintza ekimenen zikloaren barruan hainbat hitzordu izango dira. Urrian, bi dokumental emango dituzte: “Cuidado Resbala”, zaintza lanen ikusezintasuna eta garrantzia lantzen dituena eta “En tránsito”, zaintza eta migrazioa lotzen dituena. Azaroan, bi hitzaldi izango dira: zaintzaren pedagogiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Nora Salbotxek, eta 2023ko azaroko greba feminista orokorraren osteaz hitz egingo du Elene Lopetegik. Abenduan, berriz, June Baonza Pagaldairen “Ama ta asunak” erakusketa izango da.
Eskuorria deskargatzeko: hemen.