Eduki publikatzailea
Atzealdea Ikastaroa: ‘Sexualitea Covid19 aurretik, bitartean eta ondoren’
2021·09·09
Usurbilgo Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak Sexualitatea Covid19 aurretik, bitartean eta ondoren ikastaroa emango dute, elkarlanean, urrian. Izen-ematea ireki dute dagoeneko, eta irailaren 24ra arte egongo da irekita UEUren webgunean.
Urriaren 1ean, 8an, 15ean eta 30ean izango dira saioak, Potxoenean, modu presentzialean: guztira, 13 ordu. Usurbildarrek UEUren bazkideen pareko prezioa izango dute matrikulan: 68 euro.
Ikastaroaren inguruko xehetasun guztiak kontsulta daitezke UEUren webgunean. Hala deskribatu dute:
“Zalantzarik gabe, aurtengo urtearen aurreikuspen bat egitea proposatu izan balitz iaz, bi mila eta hogeigarren urte honetan zer pasa behar izango genukeen asmatzea ondo kostako zitzaiokeen edonori.
Hiru hilabeteko itxialdi bat, alditan ia erabat isolatuta, maite dugun ororekin kontaktua askotan maila digitalera mugaturik; mundu-mailan eragina duen gaixotasun baten izua, artean sendabide ezagunik gabea, edonor edonoiz kutsatzeari beldurra, eta, inoiz ez bezala, bat-batean erabat gelditu beharra; geure buruari, egunerokotasunari, denbora hutsari aurre egin beharra.
Nola bizi izan dugu hain kontraesankorra izan den garai hau? Sustraitik erauzi digu munduarekiko genuen ulerkera; geure izate osoa erabat astindu eta bizitzeko eta harremanak izateko moduak hankaz gora jarri.
Horren guztiaren eragina denean nabaritu bada ere, azter dezagun nola eragin duen gure alderdirik humanoenean. Nola aldatu diren sexua bizitzeko era, harremanak, kontaktua... eta kontaktuaren falta”.