Eduki publikatzailea

Atzealdea Ikasgela modu iraunkorrean irekiko da, asteartetik aurrera

Munalurrako lokalean mantenduko da ikasgela: egunero egongo da irekita, astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara.

2024·10·11


Behin-behineko ikasgela irekiko da, berriz ere, DYAk erabiltzen duen Munalurrako lokalean: asteartean, urriaren 15ean, irekiko da. Orain arte, azterketa garaietarako ireki izan da, baina herritarrek udalari bideratutako eskariak tarteko, lokal hori ikasgela gisa modu iraunkorrean eskaintzea erabaki du udalak. Astelehenetik igandera irekiko da, 08:00etatik 22:00etara. Hamasei lagunentzako lekua du.

Munalurrako lokala DYAri utzia zion udalak, bere erabilpenerako: orain, bi aldeek ikasgela modu iraunkorrean irekitzea adostu dute. Dena den, DYAk bere erabilerarako gela propio bat izaten jarraituko du bertan, eta gainerako espazioa ikasgelak hartuko du.

Sutegi liburutegian bada ikasteko espazioa, baina hainbat erabiltzailek ohartarazi izan dute ez dela egokia. Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Hala, ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, orain arte DYAk erabiltzen duen lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa eskaini izan da, eta, aurrerantzean, modu iraunkorrean erabili ahal izango da.