Eduki publikatzailea
Atzealdea Igor Gorritik eskuratu du Artzabal topaguneko taberna-jatetxea kudeatu eta ustiatzeko esleipena
2026·09·25

Artzabal topaguneko taberna-jatetxea kudeatzeko eta ustiatzeko esleipenean eskaintzarik onena izendatu du udalbatzak, aho batez, iraileko osoko bilkuran: azken urteotan kudeatzaile izan den Igor Gorritirena izan da. Kontratuaren iraupena bost urtekoa izango da, urtebeteko bost luzapen egiteko aukerarekin.
Maiatzaren 28ko osoko bilkuran hala erabakita, esleipena Euskal Herriko Kontratazio Plataforman eta Europako Kontratazio Plataforman jarri zuen udalak. Proposamenak aurkezteko epean, ekainaren 2tik 27ra bitartean, eskaintza bakarra aurkeztu da, Igor Gorriti Lizasorena: prozeduraren urrats guztiak gaindituta, haren eskaintza izendatu du udalbatzak proposamen onena.
Artzabalgo azken lizitazioak hamar urte iraun du, eta tarte horretan Usurbilek izandako “bilakaera garrantzitsua” pleguetan islatuta utzi nahi izan zutela azaldu zuen Ainhoa Arrozpide zinegotziak, maiatzeko osoko bilkuran: hainbat sailetako teknikariek lantalde bat osatu zuten esleipena prestatzeko. Esleipen berriak dakartzan aldaketetatik lehenengoa izenarena da: “zahar etxeko taberna” gisa izendatzetik, “topagune” izendatzeko urratsa egin da.
Horrekin batera, Usurbil herri zaintzaileagoa izateko egindako lanketa ere kontuan hartu da, Arrozpidek azaldu zuenez: “Udalak dituen kontratu guztiak zaintza ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokitzea da udalaren nahia: Artzabalgo topagunearen tabernaren kasuan, herriko adinekoei nagusiki zuzendutako baliabidea izanik, ezinbestean lerrokatua behar du aipatutako misioarekin”. Artzabalgo taberna eta jatetxea erreferentziazko topagunea da, sozializatzeko espazioa, isolamendua saihesteko baliabidea, adineko herritarren integrazio komunitariorako bitartekoa zein herritar ugarirentzat elkartzeko lekua.
Gure Pakea jubilatuen elkartearen egoitza da Artzabal, eta haiekin ere bildu zen udala, lizitazio berria prestatzeko. Hain zuzen, haiek egindako eskaerari erantzunez, ordutegia zabaldu egingo da, goizez ordubete lehenago irekita. Oporrei lotutako beste neurri bat ere txertatu da: 22 lanegunez itxi ahal izango da gehienez, eta ezin izango dituzte hartu Gabonetan, herriko jaietan, abuztuan edo udaberriko oporretan. Ohi bezala, jubilatuek prezio bereziak izango dituzte: prezio orokorrekiko %10eko murrizketa izango dute, gutxienez.
Artzabal taberna-jatetxearen biltegi erabilerarako Puntapax 10 udal-lokala utziko zaio.
