Eduki publikatzailea
Atzealdea Iazko aurrekontuen likidazioak emaitza positiboa izan du
2023·03·31

2022ko aurrekontu emaitza positiboa izan da: aurrekontu emaitzak adierazten du ekitaldian onartutako eskubideak noraino izan diren nahikoak finantzatu behar ziren obligazioei aurre egiteko. Usurbilgo Udalaren kasuan, kontu hartzaileak nabarmendu du emaitza positiboa izan dela, 2,1 milioi eurokoa. Horrez gain, azaldu duenez, hasierako aurrekontua 12,9 milioi eurokoa bazen ere, egindako kreditu txertaketekin eta kreditu gehigarriekin 17,4 milioi eurokoa izan zen 2022ko behin betiko aurrekontua.
Urteko lehenengo hiruhilekoan aurreko urteko kontuak ixteko garaia izaten da udaletan, eta horren berri eman du kontu hartzaileak martxoko osoko bilkuran. Haren esanetan, 2022ko kontuen likidazioak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunari lotutako hiru betekizunak. Batetik, 56.766,58 euroko superabita izan du; hau da, ohiko sarrerak ohiko gastuak baino handiagoak izan dira. Bestetik, zor bizia %8,81ekoa da, legeak baimentzen duen %70eko langatik urrun. Eta, azkenik, gastu arauari dagokionez, 2021eko gastuen aldean, 2022koak %18,5 hazi baziren ere, legeak ezarritako %2,8ko langaz gaindi, 2022rako gastu arauaren helburua etenda dagoenez, udalak ez du Plan Ekonomiko Finantzariorik egin behar.
Beñat Larrañaga zinegotziak, udal-gobernuaren izenean, nabarmendu zuen “pozteko moduko” datuak direla: “Inondik ere, datu positiboak ditugu esku artean. Hainbat proiektu, egitasmo eta hobekuntza jarri ditugu martxan; diru-sarrerak handitu dira, eta exekuzio datuak hobetuz goaz. Hori guztia, udalaren oreka ekonomikoa modu osasuntsu batean mantenduz egin dugu, eta aurreikusi gabeko beharrei zein egitasmo berriei erantzuteko gerakina eskuragarri utziz”. Haren esanetan, aurreko udal-gobernuarengandik egoera ekonomiko ona topatu zuten, eta hala utziko du oraingoak ere: “Lasaitasunez esan dezakegu hurrengo udal gobernuari ere kontuak txukun eta osasuntsu uzten dizkiegula, herritarron dirua txukun eta arduraz kudeatu dugulako”.
2023rako diru gehiago
Udalaren gerakinean 6,75 milioi euro badaude ere, gerakin erabilgarria 3,4 milioi eurokoa da, eta horietatik 2,5 milioi euro txertatu dizkiote dagoeneko 2023ko aurrekontuei. Beraz, gerakinean 900.000 euro gelditu dira erabilgarri.
Horrez gain, bi kreditu aldaketaren berri ere eman zuten. Batetik, 2022ko aurrekontuetan Kalezarko igogailua egiteko gordetako 150.000 euroak 2023ko aurrekontuetara pasatu dituzte; udalak, guztira, 480.000 euroko ekarpena egingo du, bi zatitan ordainduta. Aurten, 300.000 euro (2022an eta 2023an, bakoitzean, 150.000 euro jasota), eta datorren urtean beste 180.000 euro bideratzeko konpromisoa hartua du. Bestetik, Txirikordako obren prezioen berrikuspena egin da: guztira, 136.374,27 euro gehiago ordainduko ditu udalak. Txirikordako obrak amaitzear direla jakin da enpresa eraikitzaileak ez dizkiela ordaindu egindako lanak azpikontratatu dituen enpresei, udalak obraren %99,6 ordaindua duen arren. Martxoko osoko bilkuran onartu den prezioen berrikuspeneko dirua, beraz, azpikontratatuak izan diren bi enpresari zuzenean ordaintzeko baliatuko dira, eta gainerako enpresei ordaintzeko konpromisoa hartu zuen Murias enpresa eraikitzaileak.
